Programa publikoak /

Irla mortu bat

2024/04/09 2024/04/14

Zinema programa bizigarri bat

Irla mortu batera iristea esperientzia berezia da. Zer espero dugu kontinentetik urrun? Bakardadearen larritasuna? Askapenaren desira? Uharte bat, benetakoa edo irudimenezkoa, berriro hasteko lekua da.

Hasiera berri hau da ziklo honen abiapuntua, Tabakalerako zine aretoan garatua. Azken finean, zine areto bat hartu eta biltzen duen uharte bat ere bada, aukera berrietara zabaltzen dena. Programa honetako filmen galdera da nola bizi leku batean, nola planteatu elkarbizitza, nola irten isolamendutik elkar aurkitzeko.

Programa hau, Elías Querejeta Zine Eskolaren 2023-2024 promozioko Komisariotzako ikasle taldeak batera garatua, Apichatpong Weerasethakul, Sílvia das Fadas eta Sharon Lockhart artisten filmek osatzen dute, besteak beste. Gainera, Santa Klara uharteari eta Faisaien Uharteari buruzko instalazio bana izango ditu: Deva Peredaren Lika eta Ana Júlia Silvinoren ODOYÁ EZ DAGO!

Irla mortu batera iristea esperientzia berezia da. Zer espero dugu kontinentetik urrun? Bakardadearen larritasuna? Askapenaren ametsa? Uharte bat, benetakoa edo irudimenezkoa, berriro hasteko lekua da. Gilles Deleuzek bere Irla mortuen kausak eta arrazoiak testuan dioen bezala: «Uhartea hasiera berri honetarako beharrezkoa den gutxienekoa da, jatorri primariotik biziraundako materiala, nukleoa, edo dena erreproduzitzeko nahikoa izan behar duen arrautza distiratsua».

Berriro hastea da zikloaren abiapuntua, Tabakalerako zine aretoan garatua. Azken finean, zine areto bat hartu eta biltzen duen uharte bat ere bada, aukera berrietara zabaltzen dena. Programa honetako filmen galdera da nola bizi leku batean, nola planteatu elkarrekin bizitzea, nola irten isolamendutik eta nola aurkitu elkar.

Apichatpong Weerasethakulen Blissfully Yours filmak (2002) ebaketa lerro bat marrazten du eguneroko bizitzan, baso hipnotiko eta sentsual batean barneratzeko, amodiozko istorio baten eszenatoki. Beste baso batetik —baso beretik?— pertsona talde batek testu bat errezitatzen du, Danièle Huillet eta Jean-Marie Strauben Operai, contadini-n (2001), utopia garaikidea inbokatuz. Maximilian Bungartenen The Age of Innocence-k (2022) eta Luis Esguerraren Tú me hiciste ver el cielo-k ere (2023) ez dute basoa uzten: bi filmetan desio eta fantasiarako leku bihurtzen da, non mugak desegin egiten diren eta gorputzek askatasuna berreskuratzen duten. San Borondón uharte misteriotsua, Kanaria uharteetatik gertu, hor dago —eta ez dago— Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren Bloom-en (2023), mitoei eta konkistatzeko nahi biziari buruzko hausnarketa proposatzen duen filmean. Sílvia das Fadasek bost leku eta bost obra zeharkatzen ditu etortzekoa den komunitate bati buruz galdetzeko A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer-en (2018), non arkitektura iraultzaileak imajinario askotarikoa baina konektatua irudikatzen duen. Bat-batean mututu ondoren, uharte bateko biztanle guztiek ahots bera hartzen dute Miryam Charlesen Vole, vole tristesse misteriotsuan (2015). Rhayne Vermetteren Ste. Anne-n (2021), behinola atzean utzitako etxera eta komunitatera itzultzeak hainbat galdera pizten ditu pertenentziari buruz. Zikloa beltzera itzaltzen da ilunabar batekin, Sharon Lockharten Eventide-rekin (2022), eta, ezeri azkena ematetik urrun, funtsezkoena adierazten du: ezezagunaren bilaketa, lan kolektiboa, elkarbizitzarako aukera.

Zinematik kanpo ere —inguruan ordea— badira uharteak. Programa honek haietatik bi ekarriko ditu, benetako bi uharte, Donostiako lurraldeari eta bere inguruari lotutako elementu sinboliko batzuetatik esplorazio sentikor bat planteatzeko. Deva Peredaren Lika ikus-entzunezko instalazioa Bidasoa ibaira eta mugara hurbiltzen da, begirada Faisaien Uhartean finkatuta, Espainia eta Frantziako muga administratiboetatik agertu eta desagertzen den uhartean, alegia. Ana Júlia Silvinoren ODOYÁ EZ DAGO! soinu instalazioak ibilbide fantasmagoriko bat egiten du Santa Klara uhartetik eta bere historiatik, denon bistara misterio bat gordeta duen horretatik.

Programa honek, Elías Querejeta Zine Eskolaren 2023-2024 promozioko Komisariotzako ikasle taldeak batera garatuak, lurralde zalantzagarri baina saihestezin bat esploratzen du: leku bat, hain mortua ez den irla bat proiektatzeko.

Programa:

Apirilak 9

19:00 Blissfully Yours (Apichatpong Weerasethakul, 2002)


Apirilak 10

17:30 Lika (Deva Pereda, 2023) eta ODOYÁ EZ DAGO! (Ana Julia Silvino, 2024) ikus-entzunezko instalazioen aurkezpena

19:00 Operai, contadini (Danièle Huillet y Jean-Marie Straub, 2001)


Apirilak 11

18:00 The Age of Innocence (Maximilian Bungarten, 2022) + Tú me hiciste ver el cielo (Luis Esguerra, 2023)

20:00 Bloom (Helena Girón y Samuel M. Delgado, 2023) +  A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (Sílvia das Fadas, 2018)


Apirilak 12 

18:00 Vole, vole tristesse (Miryam Charles, 2015) + Ste. Anne (Rhayne Vermette, 2021)

20:00 Eventide (Sharon Lockhart, 2022)


* Inaugurazioaren ondoren, instalazioak igandera arte, hilak 14, egongo dira zabalik 10:00etatik 20:00etara (ODOYÁ EZ DAGO!) eta 16:00etatik 20:00etara (Lika)


SARRERAK