Programa publikoak /

AZTARNAK

2026/02/15 2026/12/13
17:00
  • Lekua: EQZE Zinema
  • Prezioa: Sarrera librea edukiera bete arte
Zikloa
Proiekzioa

Aztarnak-ek zinema esplorazio espazio bezala proposatzen du, gure oraina zeharkatzen duten arrasto eta seinaleetatik aurrera etorkizun posibleak imajinatzeko. Aurten hamar saioz osatuta dagoen programa otsailaren 15ean hasiko da.

EQZE zinema aretoa, Tabakalerako beheko solairuan kokatua, Aztarnak erakusketaren eszenatokia izango da, Elías Querejeta Zine Eskolako komisariotzako zortzigarren promozioko ikasleek antolatua. Aurtengo zikloa guztira 10 saiok osatzen dute, eta hiru hiruilekotan banatzen da; lehenengo hiruhilekoko saioak otsailaren 15ean, martxoaren 15ean eta apirilaren 19an izango dira. Gainerako datak aurrerago iragarriko dira. Sarrera librea eta doakoa da, leku guztiak bete arte.

Aztarnak, zikloaren izena, etorkizunak irudikatzeko arrastoak eta seinaleak aztertzera eramaten gaitu. Pelikulen bidez, ikasleek beste horizonte batzuk imajinatzeko seinaleak, galderak eta erantzun posibleak bilatzen dituzte: anitzak, hedakorrak, zatikatuak. Programa hiru bloke ez-linealetan antolatzen da, esanahien, irudien eta esperientzien atlas gisa ulertuta, non zinemak orainari buruz hausnartzeko tresna bezala funtzionatzen duen. Fikziotik hasita dokumentaleraino, programazioak zinemaren esanahia zabaltzen eta zalantzan jartzen duten lanak biltzen ditu, eraldaketa teknologikoekin, bizi ditugun inguruneekin, eta etorkizuna proiektatzeko benetako eta asmatutako moduekin lotutako gaiekin elkarrizketan aritzen direnak.

Horrez gain, programak ikusleekin elkarrizketa aktiboa sortzea proposatzen du. Ziklo hau, zinema-aretoaren ondoko gelan materializatuko da, sorkuntza eta elkarlanerako gune batean, emanaldi bakoitzaren ostean gauzatuko dena. Bertan, ikusleek material fisiko eta digitaletatik abiatuta, atlas kolektibo baten eraikuntzan parte hartu ahal izango dute, aurrerantzean, material horiekin proiektuaren identitate bisuala modu kolektiboan osatu ahal izateko. Jarduera hauek ikasleek lagunduko dituzte.

Bi lan-ildo horiek gogoeta egiteko eta zinema komunitatean gozatzeko nahia adierazten dute, egungo ezezagunei erantzun partekatuak ematea bilatuz.

Programa

Etorkizuna basamortua zen

Zikloaren lehenengo blokea lurraldearen ideiaren inguruan eratzen da. Espazio disidenteak edo ezohikoak, txoko edo kalezuloak habitatzen dituzten filmak, geratzen den hori nola bizitzen dugun galdetzen dutenak, norena den zapaltzen dugun lurra, nola berreraikitzen dugun itxitak diruditen espazioetan. Dikotomietatik irtetzera eta lurraldeak atalase bezala begiratzera gonbidatzen gaituzten irudiak: jadanik existitzen diren materialtasunekin etorkizun bizigarriak irudikatzeko lekuak.

Otsailak 15

El tercer paisaje (Julen Etxebarria, 2024) + Jauja (Lisandro Alonso, 2014)


Martxoak 15

Accidental Luxuriance of the Translucent Watery Rebus (Dalibor Barić, 2020)


Apirilak 19

Podwórka (Sharon Lockhart, 2009) + S01E03 (Kurt Walker, 2020)


Etorkizun kolektibo bat konposatzeko notak

Zikloaren bigarren zatiak letra larriz markatutako egiletzatik urruntzen diren lanetan jartzen du begirada, sorkuntza kolektiborako moduak esploratzeko. Zentzu horretan, “Etorkizun kolektibo bat konposatzeko notak” lau filmek osatzen dute, eta elkarrekin egindako aldarrikapenetik eta keinu eta begiraden gurutzaketatik sortzen dira. Beste etorkizun batzuk irudikatzen eta borrokatzen dituzten pertsonen batasunetik eta erresistentziatik sortzen den zinema.

Maiatzak 10

Sanrizuka: Heta Buraku-no Hitobito (Sanrizuka: Bigarren gotorlekuaren nekazariak) (Ogawa Productions, 1971)


Ekainak 7

Nightcleaners (Berwick Street Collective, 1975)


Uztailak 5

Kukuaren kanta (Lergako bizilagunak, 2025) + The Last Angel of History (Black Audio Film Collective, 1996)