Artxiboa

flecha

Artxibo espezialitateak ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa sailkatzeko, zaharberritzeko eta zaintzeko espezialistak prestatzea du helburu, eta, aldi berean, lurralde hori bera sorkuntza artistikorako eremu gisa planteatzen du

Graduondoko ikasketa honetan formazio teorikoa eta praktikoa emango zaie ikasleei ondare zinematografikoa eta ikusentzunezkoa identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko. Zinemak ondare material eta immaterial gisa sortzen dituen dilema teoriko, tekniko eta etikoen aurrean jarriko dira ikasleak ikastaroan zehar. Irudi eta hotsen identifikazioa euskarri fotokimiko, magnetiko eta digitaletan lantzeaz gainera, sortutako fondoak kudeatzeko eta bilduma berriak sortzeko bitartekoetan trebatzen dira ikasleak espezialitate honetan. Bestalde, materialak ikuskatzeko eta zaharberritzeko protokoloak eta prozedurak ikasten dira espezialitatean, bitarteko mekanikoak eta digitalak erabiliz eta, beraz, laborategiko praktika erreala eginez.

Ikasketak hauek Euskadiko Filmategiaren lanekin lotuta egiten dira eta horrek ikasleei aukera ematen die FIAF erakundeak (International Federation of Film Archives) homologatutako artxibo zinematografiko bat bertatik bizitzeko.

Artxiboa Saileko koordinatzailea Clara Sánchez-Dehesa Galán da, ikus-entzunezko materialen artapen eta lehengoratzean L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation eskolan ikasia.

Aberrazioen artea. Zinemaren estetika eta teoriaren kontzeptuak

Carlos Muguiro
Modulu: 1, 3

Irakasgai honek zinemaren forma espezifikoetan zentratzen den estetika lantzen du. Zinemagintzaren teoriako oinarrizko gaiei hastapen moduan heltzea da asmoa, haietan begirada ez diakronikoa jarriz eta loturak egiteko berariazko asmoz, bestelako arte edo gai filosofikoekin harremanak eta konexioak bilatuz. Irakasgaiaren helburua kontzeptu batzuk oinarritzat hartzea da, gerora haiek garatu, zaildu edo beste enborreko batzuekin kontraesanean jarriz. Irudizkoaren eta irudimenaren arteko desberdintasunak, errealismoaren eta errepresentazioaren nozioak, hizkuntza eta lengoaiaren arteko dikotomia, edo fenomenologiaren zein harreraren teorietatik egindako hurbilketen gisako gaiak aztertuko dira. Metodologiari dagokionez, zinemaren beraren eragiketa formaletatik, bere existentziaren mugetatik, atera nahi dira gai guztiak. Irakasgaiaren barruan, "aberrazioen arte" gisa identifikatuko dugu bilaketa hori. Adierazpen horri Jurgis Baltrusaitis teorikoak formen, haien deformazioen, maskaren eta munstroen legenda berezi eta espezifikoaz hitz egitean eman zion zentzuan erabiliko da.

(hiru) Artxibategien mapa

Sonia García López
Modulu: 1, 3

Ikasgai honetan, EQZEko ikasleek beren eginkizuna (sorkuntza, ikerketa edo zaintzakoa) berenganatzeko aukera proposatzen da oroimen zinematografiko eta ikusentzunezkoa esploratze modura, zinemaren hiru aldiak aintzat hartuta: iragana, memoriarekin lotuta dagoena; orainaldia, ekintzarekin lotuta dagoena; eta etorkizuna, proiekzioarekin lotuta dagoena. Sustrai filosofikoak dituen proposamen honek arazo historiko, kultural edo politiko garaikideei buruzko hausnarketa planteatzen du, profanazioaren kontzeptuak (Giorgio Agamben) eta sorkuntza egintzaren kontzeptuak (Gilles Deleuze) eskaintzen dituzten esparru kontzeptualetik begiratuta.

Amaitu gabeko zinema. Kultura zinematografikoaren irizpide politikoak

Pablo La Parra
Modulu: 4, 5

Ikasgai honek gogoeta historiko, metodologiko eta teoriko batzuk planteatzen ditu, kultura zinematografikoaren dimentsio politikoa aztertzeko. XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan garatu ziren praktika erradikalen multzo heterogeneo bat hartzen du aztergai, «zinema militantea» kontzeptuaren pean, zentzu zabalean ulertuta. Une horretan, kultura zinematografikoak bere erradikalizazio-aldi asaldatuenetako bat ezagutu zuen mundu osoan: “68 luzeko” borroken eta hainbat garapen tekniko garrantzitsuren beroan, mugimenduzko irudiak egiteko, pentsatzeko eta partekatzeko moduak eraldatu ziren.

Irakasgaiak proposatzen du zinema militantearen artxiboa kritikoki berrikustea eta galdetzea iraganeko irudi horiek nola jarraitzen duten oraina erreberberatzen, eta nola erlazionatzen garen haiekin ikerketaren, artxiboaren, komisariotzaren eta sorkuntzaren tresnen bidez. Irakasgaia ez da zinemaren historiaren kapitulu gisa planteatzen, baizik eta metodologia eta pentsamenduaren ariketa gisa, bere azterketa-kasua gainditzen duena teoriaren eta praktikaren, estetikaren eta politikaren, iraganaren eta orainaren arteko harremanetan sakontzeko.

Zinema historikoki pentsatzea.  Irudiak irekitzea, kontakizun bat idaztea.

Marina Vinyes
Modulu: 4, 5

Irudiak irekitzeak horiei orainaldian hitz eginaraztea dakar, pazientziaz ikusi aditza jakin aditzarekin jokatuko duen zentzua eraikitzeko berezitasun konplexuari atxikiko zaion irakurketa ekintza egoki baten bidez. Irudi zinematografikoen dimentsio performatiboari buruzko gogoeta egingo dugu, iraganari buruzko kontakizun bat eraikitzearekin eta ulertzearekin lotuta, bai eta horren ondorio etikoei, estetikoei eta politikoei buruzkoa ere.  Bigarren, zinemaren historia bat idaztean eta transmititzean parte hartzen duten instantzietako batzuk landuko ditugu: kanon politikak, programazioa, bai eta film artxiboen eta zinemateken funtsezko zeregina ere, zinema aintzatesteko ondare eta artelan gisa. Halaber, duela zenbait hamarkadatik, museoa beste pieza giltzarri bat bihurtu da esperimentatzeko eremu gisa irautea berma dadin, zinemaren eta museoaren arteko elkarrekiko mugimendu osagarri gisa, zeinetan lehenengoak ekoizpen eta erakusketa kanal tradizionalak ez diren beste modu bat aurkitu duen eta bigarrenak eten horren biez birpentsatzeko aukera ezagutu duen. Esperientzia zinematografiko garaikidearekin lotutako mugimendu hori gogoratuko dugu, eta azkenean, bere gailu teknologiko tradizionaletik bereizitako zinema baten modalitateei buruz galdetuko diogu geure buruari.

Euskal zinemaren historia eta estetikak

Joxean Fernández
Modulu: 2

Ikasgai honetan, euskal zinema ezagutzen hasiko gara. Testinguru historikoarekin hasiko gara eta euskal zinemak sortu zenetik gaur arte izan duen ibilbidea aztertuko dugu, hau da, euskal zinemaren historiaren kronologia eta gaiak gainbegiratuko ditugu eta sorreratik gaur arte izan diren euskal zinemagile garrantzitsuenak aztertuko ditugu, gaur egun jardunean dauden euskal zinemagileen hiru belaunaldiei (edo gehiagori) bereziki erreparatuta.

Ikus-entzunezko ondarearen materialtasuna

Reto Kromer
Modulu: 1

Nola grabatu eta erreproduzitu izan da soinua eta irudia? Mende eta erdian erabili izan diren hainbat ikuspegi aztertuko ditugu, eta ikuspegi horiek izan duten arrakastari eta porrotari buruz eztabaidatuko dugu. Prozesu originalak ulertzea da zaharberritze modernoen arrakastaren oinarria. Soinuaren eta mugimenduko irudiaren grabazioaren eta erreprodukzioaren historia teknikoa da hau. Soinua aztertzeko, garai akustikoa, elektrikoa, magnetikoa eta digitala hartuko ditugu kontuan; mugimenduko irudien kasuan, berriz, argazkigintzaren garaia, garai magnetikoa eta digitala. Gaur egungo artxibo baliabideak (irratia, zinema, telebista eta bideoa) ez ezik, ordenagailuak, bideo-jokoak eta… espazioaren esplorazioa ere aztertuko ditugu.

Bitartekoen arkeologia

Clara Sánchez-Dehesa
Modulu: 1

Aldi bakoitzeko teknologiak dokumentu mota jakin bat sortzen du. Funtsezkoa da zinemaren eta mugimenduzko irudiaren bilakaera ulertzeko, bai eta edukiak behar bezala irakurtzeko, sortu diren ingurune teknologikoa ezagutzea. Helburu nagusia ikus-entzunezko lan bat sortzen den une historikoa ezagutzearen garrantzia nabarmentzea da, baita inguruneak lanari nola eragiten dion ere, eta ikasleei informazio hori lortzeko tresnak ematea.

Irudi fotokimikoa I eta II. Zuri-beltzean eta kolorean errebelatzen

Luis Macías
Modulu: 1, 2

Ikasgai honetan zuri-beltzean eta kolorean eskuz errebelatzeko prozedurak ezagutzen hasten da. Oinarri teorikotik abiatuta eta hainbat film errebelatzeko prozesuak praktikatuz, ikasgaiaren honetan material fotokimikoa aztertzen da, gela ilunean prozesatzen denean. Material horren ezaugarri eta portaera fisiko eta estetikoak eta narriadura ulertzeko, ikasleak materialak jasaten dituen tratamendu eta aldaketa kimikoak ikasiko ditu.  Ikasgai honetan eskolan filmatutako materiala prozesatuko da.

Material filmikoen identifikazio teknikoa

Carolina Cappa
Modulu: 2

Teknologia zinematografikoaren historiak eta artxibo baten barruan film-dokumentuak identifikatzearekin duten lotura ikertzea. Elementuen ezaugarri teknikoak. Diskurtsoen eta tekniken arteko lotura. Materialaren azterketa kritikoa. Katalogazio-mailak, elementuaren eta obraren arabera. Bildumak ikuskatzeko, inbentarioa egiteko eta ebaluatzeko metodologiak.

Ikus-entzunezko materiala degradatzeko prozesuak

Oskar González Mendia
Modulu: 2

Saio honetan ikus-entzunezko euskarriak ikuspegi fisiko-kimikotik ikasiko dira. Horrela, euskarri horien propietateak ulertzeko funtsezkoak diren materialak aurkeztuko dira, hala nola, polimeroak, metalak, tinduak edo emultsioak. Era berean, degradazio-prozesuekin lotutako erreakzio kimikoak landuko dira, eta ingurumen-faktoreek narriadura horri nola eragin diezaioketen ikusiko da.

Tratamendu digitalak irudietan I: Da Vinci

Bárbara Mateos
Modulu: 3

Ikastaro honen helburua da filmak zaharberritzea helburutzat duten tresnak ulertu eta ezagutzea DaVinci Resolve 16 softwarearen bitartez, eta, aldi berean, egiazko adibideak erabiliz, material zinematografikoa zaharberritzeko tekniken aplikazioa ulertzea, baita zalantza teknikoak argitzea ere.

Digitalizazio-prozesuak

José Luis Sanz
Modulu: 3

Euskarri fotokimikoaren gaineko materialaren digitalizazioa aztertuko da. Gaur egun prozesu hori ondo finkatuta badago ere, lan fluxuak asko aldatzen dira erakunde batetik bestera. Ikasleak digitalizazioaren oinarriez jabetuko dira, bai eta artxiboek digitalizazioari lotuta dituzten helburuez ere. Irudia digitalizatutakoan, horren tratamenduaren inguruko praktikak egingo dituzte, ezaugarri optikoak proiektu bakoitzak eskatzen duen horretara egokitzeko.

Material filmikoen zaintza eta -zaharberritzea

Carolina Cappa
Modulu: 3

Elementu filmikoei buruzko azterketa, obra zaharberritzeko ikerketara zuzendua. Materialaren espezifikotasuna, narriadurak, lesioak eta degradazioa aztertzea. Elementuen osotasunaren eta obraren arteko lotura: filmen zaharberritzerako arazoak. Etika, teknika eta teknologiak. Zaharberritze digitalaren irizpideei buruzko sarrera laburra.

Ikusentzunezko artxiboen dokumentazioa eta katalogazioa

Santiago Aguilar
Modulu: 4

XIX. mendearen amaiera aldera, zinema asmatu zenetik, lehengo mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, bideoa sortu zen arte, ikus-entzunezko produkzio guztia euskarri fotokimikoan egin izan da. Formatu horretan garatu da, halaber, ikus-entzunezko produkzioa eta produkzio horren banaketa eta kontserbazioa. Teknologia digitalek aukera berriak eskaintzen dituzte sorkuntzari, biltegiratzeari eta sarbideari dagokienez, baina aldaketa teknologikoen eraginez materialak suntsitu izan dira beti, edo materiala eskuratzea ezinezko bihurtu izan da, irakurgailuak eta kontserbaziorako gailuak zaharkituta geratzen zirelako. Ikuspegi horretatik begiratuta, estandar berriak finkatzen direnean kontserbaziorako erronka berriak sortzen dira eta, aldi berean, obra horietarako sarbidea bermatzeko ezinbesteko diren dokumentazioko eta katalogazioko prozesuak errazten dira.

Bideo bildumen identifikazio eta kudeaketa.

Gema Grueso
Modulu: 4

Bideo-formatuen historiari buruzko ikerketa, haien ezaugarri teknikoei eta erabilerari buruzkoa, baita bilduma mota hori kudeatzeko arrisku-faktoreei, printzipioei eta zereginei buruzkoa ere. Funtsean formatu analogiko eta digitaletan oinarritzen da, zinta magnetikoetan jasotakoetan, formatu profesionalak, ekoizpen independenteak zein bideo domestikoa. Bildumen kudeaketen gaiak barruan hartuko ditu identifikazioa, ikuskaritza eta inbentarioen sorkuntza, bildumak kontserbatzeko eta manipulatzeko estandarrak, eta kontserbazio eta babes planen diseinua.

Bideoak digitalizatzea

Pamela Vizner
Modulu: 4

Material magnetikoak arriskuan daude. Hurrengo hamarkadaren amaierarako, formatu horietan gordetako eduki asko eta asko galdu egingo dugu. Balio handiko edukiak denboran iraungo dutela ziurtatzeko eskura dugun tresna bakarra digitalizazioa da. Ikastaro honen ardatza bideo magnetikoko materialak ebaluatzea eta digitalizatzea da. Material horien deskribapen fisiko eta kimikoa aztertuko dugu nola hondatzen diren ulertzeko, hondatze prozesua leuntzeko eta tratamendu egokia emateko, eta digitalizazioaren prozesu teknikoei bereziki erreparatuko diegu. Ikasturte honetan, ikasleek bitarteko magnetikoen hondatzea nola ebaluatu behar den ikasiko dute, horien digitalizazioa nola planifikatzen den eta behar bezala babesteko berariazko premiak zeintzuk diren ulertuko dute. Ikasturtearen amaieran, laborategiko rack-a erabilita bideo magnetikoko materialak nola digitalizatzen diren jakingo dute.

Zinemaren gorputz digitala. Artxibo digitalak identifikatzea eta zaintzea

Peter Bubestinger
Modulu: 5

Dokumentu digitalen ulermen orokorra: kanpotik (artxiboen sistema maila) barrura (formatuak, codec-ak, kodifikazioa...). Ikus-entzunezko erabilerako kasuetan jarriko da arreta. Ikasleek ikasiko dute nola bilatu, ulertu eta manipulatu multimedia artxiboen ezaugarri teknikoak eta horiek nola aplikatu kalitatezko afinazio baterako eta epe luzean kontserbatzeko. Halaber, multimedia artxiboen kalitate kontrolaren hastapenak ere eskainiko dira, eta ikasleak gaitu beharko lituzke bitarteko digitalen edozein motatako aplikazioak hartzeko eta esportatzeko aukerak maneiatzeko. Horrez gain, zaintza digitalaren estrategia ezartzeko behar diren dokumentu digitalak eta azpiegiturak aztertuko dira. Ikasleek gaur egun garatzen ari diren teoriak eta praktikak ezagutuko dituzte, bai eta hainbat erakundetan aplikatzen diren irizpide eta kontserbazio politikak ere.

Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea

Silvia Casagrande
Modulu: 5

Edozein material mota inguratzen duten giroko baldintzak funtsezkoak dira material hori epe luzera kontserbatzeko. Ikus-entzunezko agiriek askotariko materialak erabiltzen dituzte euskarri gisa. Material bakoitzaren beharrak ezagutzea eta biltegiratze baldintzak kudeatzea ezinbestekoa da bildumen bizitza luzatzeko. Ikasgaian hizpide izango dira ikus-entzunezko materialaren kudeaketaren estandarrak eta eztabaidak, eta hainbat kasu-azterketa analizatuko dira, kontuan hartuko dutenak artxibo mota horren heterogeneotasuna, testuinguruari eta aurrekontuari dagokienez, bilduma pribatuak, domestikoak eta erakunde historikoenak konparatuta. Ikasgaiaren helburua da gako batzuk ematea ikaslea moldatu ahal izateko artxibo-munduaren errealitate ezberdinetara, eta lortu ahal izateko ikus-entzunezko bildumak kontserbatzeko plan estrategiko bat planteatzeko eta abian jartzeko ahalmena.

Soinuaren historia bere zaharberritzerako

Franco Bosco
Modulu: 5

Eskoletan, artxibo zinematografiko batean soinu elementuak kontserbatzeko eta zaharberritzeko oinarrizko kontzeptuak aurkeztuko dira, eta filmen bildumetan aplikatutako jardunbide onak eta estrategia komunak aurkeztuko dira.

Soinuaren behatoki iraunkorra

Xabier Erkizia
Modulu: 1, 3

Behatokia zeharkakoa izaten da ikasturteko lehenego seihilabetean eta soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea izaten da. Gai finkoak izateaz gain, taldekideen premietara eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da.

Abiapuntuak

Michel Gaztambide
Modulu: 1, 4

Ikasturte osoan zehar ematen den irakasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean?

Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.

Film eta bideoa arte garaikidearen espazioan

Rachael Rakes
Modulu: 2

Ikasgai honek arte garaikideko espazioetan zinea eta bideoa erakusteari begirada sakona ematen dio. Ikasgai honetan, bertoko eta nazioarteko hainbat erakunde-testuingurutatik egindako ibilbidea eskaintzen da, hamarkadetan zehar egindako adierazpenek izandako kultura-inpaktua eta deribazio politikoak aztertuz. Hurbilketa historikoaz gain, gaur egun museo, galeria, bienal edo bestelako espazio ez-konbentzionaletan egiten den zine eta bideo erakustaldiaren estetika, zirkulazio moduak, publikoak, puntu itsuak eta gai praktikoak, jorratuko dira.

Jatorrizko emultsioen artea

Esther Urlus
Modulu: 3

Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.

Zinemagilearen pentsamendua

Adrian Martin
Modulu: 3

Ikastaro hau proposamen sinple baina erradikal batetik abiatzen da: zinemagileek zinemari buruz esaten, idazten eta hausnartzen dutena serio hartzea. Ez bere lanaren azalpen gisa, baizik eta zinemari berari buruzko proposamen orokor edo teoria gisa. Zinemagile askoren eta anitzen jarrera eta iritziak laburbilduz, artearen eta ofizioaren nozioak, sormen-prozesua, "intentzioen adierazpenak" eta medioaren bokazioa edo patua aztertuko ditu.

Beste zinema kamera

Asier Armental
Modulu: 3, 5

Zinematografoaren hastapenetan, irudiak erregistratzen zituen kamerak irudi horiek proiektatzeko ere balio zuen. Une bat harrapatzeko biradera aktibatzen zuen operadorea bera arduratzen zen arrasteko engranajeari bira eginarazteaz, filma errebelatu ondoren irudi horiek berak pantaila batean partekatzeko. Zein unetan bereizi ziren bi eginkizun (eta bi kamera) horiek eta, batez ere, zer ondorio izan zituen horrek? Zergatik ikusten dugu proiekziogilearen lanbidea, gaur egun eta ia-ia filmaren arrastea mekanizatu zenetik eta banaketa zirkuituak sortu zirenetik, kamera operadorearen lanbidearekiko hain arrotz eta hain urruneko? Cinématèque Française erakundearen sortzaile Henri Langlois-ek zioen bere zinema kamera proiektatzeko kamera zela; baieztapen horrek proiekzioaren artea aldarrikatzearen garrantzia nabarmentzen du.

On/Off performancea

Itziar Okariz
Modulu: 3, 5

Irakasgaia hizkuntzari, performanceari eta ekintzari buruzko gogoeta gisa proposatzen da, espezifikotasunean eta zehazten duten mugekin lotuta. Arreta berezia jarriko zaie alderdi hauei: jardun artistikoaren ezagutza arloen arteko topaguneak, erregistroaren esplorazioa eta performancea, ekintza, erregistro performatiboaren ezaugarri zantzu emailea, eta beste hizkuntza batzuetan eraldatzea, hala nola marrazkia, testua, dokumentua, bideoa…

Ikasleen prozesuetan oinarrituta egiten da lan, haien lanarekin lotuta. Horri guztiari esker, gorputzaren kontzientzia hartzeko aukera ematen duen paisaia definituko da, zeinu, hizkuntzaren balio posizional eta dimentsio performatibo gisa. Gorputz zeinuen, soinuen eta hitzen haragitzea eta horien ahalmen eraldatzaile eta politikoa. 

Kontaktuak: zinema, bideoa eta artea euskal testuinguruan

Peio Aguirre
Modulu: 4

Irakasgai honek artistaren ikus-entzunezkoa du ardatz Euskal Herriko testuinguruan. Ikusentzunezko eta praktika artistikoen arteko harreman eta joan-etorriak hartzen ditu abiapuntutzat, batez ere artearen sisteman gertatzen direnak: museoak, arte-zentroak eta galeriak, edo zinemaren beraren aldirikoak.Ikus-entzunezko sorkuntzaren tokiko panorama aztertzen du irakasgaiak aztergai, gonbidatu, proiekzio eta irteeren bitartez.

Kode irekiko tresna digitalak ikus-entzunezko artxiboetarako

Reto Kromer
Modulu: 5

Eskolaren hasieran artxibo formatuei buruzko sarrera bat egingo dugu. Oinarri horren gainean, ikasleek software librea eta kode irekiko softwarea modu praktikoan aztertuko dituzte, hala nola FFmpeg (artxiboen konbertsioa), QCTools (kalitate kontrola), AEO-Light (soinu optikoen pistak ateratzeko) eta DCP-o-matic (DCPak egiteko), baita multimedia irakurgailuak ere. Filmak eta bideoak digitalizatzeko azpiegiturari eta lan prozesuei dagokienez, hainbat baliabide aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatuko dugu, eta aurrekontu txikiko ingurune zailetan ezartzeko moduko aukerei bereziki erreparatuko diegu. Eskola bukatzeko, datuak gordetzeari eta datuen migrazioari buruzko deskribapena egingo dugu, eta hondamendien plangintza eta berreskuratzea ere aztertuko ditugu.

Tindatzeen tailerra

Esther Urlus
Modulu: 5

Hasi zenetik, zinema baliabide koloretsua izan da eta prozesu ugari sortu dira zuri-beltzeko filmari kolorea emateko, hala nola tindatze eta biratze prozesu kimikoak, eskuz margotzea, Technicolor teknika eta emultsio modernoak lortzea; zineman beti erabili izan da kolorea adierazpide artistiko moduan. Tailer honetan, zinemaren jatorrizko kolorea eta teknika horiek zinemagile eta artistei eskaintzen dizkieten aukera estetikoak aztertuko ditugu.

(Ikus-entzunezko) Unibertsoen eraikuntza

Takashi Makino
Modulu: 5

Ikasgai honetan, modu espezifikoan lantzen dira soinu-unibertsoen diseinuaren eta eraikuntzaren etapa guztiak: ideiagintza, lan-jarraibideak, irudiarekiko harremanak, soinutik sortutako proiektuen eraketa, nahasketa, etab. Irudien eta soinuaren zentzumen anitzeko indarra. Irudi eta soinuen zentzumen-estimulazio sinestesikoa eta haien indar paradoxikoaren artikulazioa zinemagintzan.

EQZELab. Film-laborategi profesionala

Yolanda Cáceres
Modulu: 5

Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.

Irudiaren tratamendu digitalak II: Diamant

Lorena Bordigoni
Modulu: 5

Filmak zaharberritzeko DIAMANT softwarea filmak zaharberritu, garbitu eta konpontzeko tresna profesionala da. Kataluniako filmategiko arduradun digitalak ematen du tailerra, eta zaharberritze digitalaren prozesuan lan fluxua optimizatzen ikasiko dugu.

Complex media bildumen zaintza

Mona Jiménez
Modulu: 5

Ikastaro honi esker, ikasleak bitarteko berriak eta artelan digitalak kontserbatzeko/zaintzeko alderdi nagusietan eta estrategia sortu berrietan murgilduko dira. Artelan horiek bideo edo filmen banakako proiekzioetatik harago doaz; artista garaikideek formatu eta ikus-entzunezko teknologia ugari erabiltzen dituzte instalazio konplexuak sortzeko. Eta aztergai ziragarriak dira. Hona hemen hainbat adibide: artelan zaharrenak, telebista eta antzeko objektu zaharrak erabiltzen dituztenak (izpi katodikoen hodiak), obra sinkronizatu multikanalak, joku motorrak edo kode pertsonalizatuak baliatzen dituzten obrak edo Internetetik datuak eskuratzen dituzten obrak. Artelan konplexuek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta zati horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira, etorkizunean obrak artistaren ikuspegiarekiko leial funtzionatzen duela ziurtatzeko. Ikasleek artelanak aztertzen eta balizko arriskuak identifikatzen ikasiko dute, tokiko kultur erakunde baten bildumako obrak aztertuz. Erakusketen historiak aztertuko dituzte, artxibo instituzionalak kontsultatuko dituzte, artelanen benetako osagaiak aztertuko dituzte eta museoko langileekin eztabaidatuko dute artelanei buruz. Prozesu horretan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen zaintzari eta kontserbazioari buruz.