Berriak /

Elias Querejeta Zine Eskolak 2019-2020 Ikasturtearen memoria aurkeztu du

Elias Querejeta Zine Eskolak 2019-2020 ikasturteko memoria aurkeztu du, eskolaren bigarren urte akademikoaren berri ematen duena.  Ikasturtea 2019ko irailean hasi eta 2020ko abenduan amaitu zen. Martxoaren 13an, pandemiak eten egin zuen programa akademikoa, eta osasun krisiaren eragina berebizikoa izan da.

2021/07/01
Koronabirusak eragina izan duen arren, era presentzialean egin ahal izan zuen programa akademikoaren % 75a aurreko ikasturtean
Elias Querejeta Zine Eskolak 2019-2020 Ikasturtearen memoria aurkeztu du

Dokumentuak zentroaren bigarren urte akademikoaren garapena islatzen du

Elias Querejeta Zine Eskolak 2019-2020 ikasturteko memoria aurkeztu du, eskolaren bigarren urte akademikoaren berri ematen duena.  Ikasturtea 2019ko irailean hasi eta 2020ko abenduan amaitu zen. Martxoaren 13an, pandemiak eten egin zuen programa akademikoa, eta osasun krisiaren eragina berebizikoa izan da.

Klaseak modu presentzialean ezin eskainirik, alarma egoera ezarri zuen estatu dekretuagatik eta etxeko konfinamenduagatik, eskolak bere jarduera egokitu behar izan zuen hurrengo asteetako gai teorikoak eta praktikoak on-line emateko.  Programa akademikoaren laugarren moduluaren zati bati eta bosgarrenari osoki eragin zien egokitzapen horrek hainbat aldaketa eragin zituen irakasgai batzuen edukietan eta garapenean, haien kopuruan apenas eraginik izan ez bazuen ere. 2019-2020 ikasturtearen programan aurreikusitako irakasgai guztietatik, % 75,55 (806 ordu) aurrez aurre eskaini ziren; % 20,95 (168 ordu), on-line. Soilik hiru irakasgai utzi ziren bertan behera, programaren % 3,49 (60 ordu), on-line modalitatean emateko ezintasunagatik, nahiz eta, beste alde batetik, hiru irakasgai berri aurkeztu ziren, presentzialki emateko seigarren moduluan, burutzeke gelditu ziren gai batzuk berreskuratzeko helburuaz.  Alde horretatik, truke presentziala mantentzeko ahalegina egin bada ere, pandemiak EQZEn izan duen eragina mundu osoko esparru akademiko eta profesional ugaritan izan duenaren parekoa izan da.

EQZEk 2020ko ekainaren 1ean zabaldu zizkien berriro ateak ikasleei (orduz geroztik eskola zabalik egon da, etenik gabe), bat eginez denboran Tabakaleraren berrirekitzearekin. Eskolarako itzulera antolatzeko, prebentzio plan bat jarri zen martxan, oraindik indarrean dagoena, hainbat neurri, protokolo eta aholku jasotzen dituena eskolako komunitate osoarentzat.

Eskolaren egokitze gaitasuna eta proiektua sendotzea

2019-2020 ikasturtearen memoriak 3 alderdi nabarmentzen ditu bereziki:

1. Eskolaren malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna

Martxoaren 15aren astean, ikasketa plan bat jarri zen martxan, ez-presentzialtasunari egokitua, baita ikasleei laguntzeko programa bat ere, hainbat ekinbide jasotzen zituena: besteak beste, ikasleen arreta eta jarraipen indibidualizatua (gai administratibo, domestiko, sanitario eta familiarrei ere erreparatuta). Behin aurrez aurreko jarduera berreskuratuta, zabaldu egin zen ikasketa plana, ikasleen amaierako proiektuetan laguntzeko programa baten eta eskolako instalazio eta ekipoen birkonfigurazio baten bidez. Egitasmo horri gehitu zitzaion konpentsazio akademikoko plan bat, erabat presentziala, abuztuan zehar.

2. Eredu pedagogikoa proban jartzea

Koronabirusaren krisiak hainbat dilema sortu dizkio EQZEri, eta eskolak apustu sendoa egin du aurrez aurreko irakaskuntzaren alde, deslokalizazioranzko joera bati aurre eginez. Gainera, bere gain hartu ditu dagozkion erantzukizun instituzionala eta konpromisoa, errealitatearekin konfrontzatzeko gune gisa. Azkenik, forma eman dio ere komunitatearen kontzeptuari (ikasleak, alumni, irakasleak, eskolako profesionalak eta erakundeak), ziklo akademikotik harago doan ikaskuntza sare gisa.

3. Proiektua sendotzea  

Eskolak gaitasun handia du loturak sortu eta produktibitatea handitzeko, eta hori agerian uzten dute Donostia Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin eta beste erakunde batzuekin batera martxan jarritako egitasmo ugariek eta ikasleen proiektu katalogo zabalak. Proiektuak ezaugarri hori hasieratik izan badu ere, 2019-2020 ikasturteko desafio itzelak lagungarri izan dira EQZE sistema ireki, iragazkor eta dinamiko gisa sendotzeko.

Bigarren ikasturtean, EQZEk jarraipena eman eta zabaldu egin du bere proiektu pedagogikoa, graduondoko hiru programak osatutakoa (Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza), egitasmoaren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen jakintza eremuetatik abiatuta gauzatzen direnak. Horrekin batera eta zeharkako modu batean, Ikerkuntza Departamentuaren helburua da esploraziorako, gogoetarako eta berrikuntzarako bestelako gune bat sendotzea.

Eskolako irakasleen, zinema munduko profesionalen (zinemagileak, jaialdien ordezkariak, erakundeak, filmotekak, museoak, kolektiboak…) eta irakasle gonbidatuen artean, ehundik gora profesional igaro ziren eskolatik 2019-2020 ikasturtean zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatu du eskola, eta Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldiaren parte-hartzearekin batera, Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitako zentroko sarearen parte da EQZE.