Berriak /

Laura Mulveyk mintegia emango du EQZEn

Zinemagilea, saiakera idazlea eta akademikoa da Mulvey, eta teoria zinematografiko feministaren erreferente historikoa.Bisita hau EQZEren “Ikaskuntzaren genealogiak” ikerkuntza proiektuko jardueretako bat da, EQZEko ikasleek ikasturte amaierako haien lanen aurkezpenak egiten dituzten garaian.

2023/12/11
Laura Mulveyk mintegia emango du EQZEn

Abenduaren 14an, 15ean eta 16an egongo da Laura Mulvey (Oxford, 1941) Elías Querejeta Zine Eskolan. Bisita hau EQZEren “Ikaskuntzaren genealogiak” ikerkuntza proiektuko jardueretako bat da, eta Mulvey itzal handiko teorikoak bere irakasle ibilbideari, pedagogiak bere pentsamenduan eduki duen lekuari eta bere abangoardiako zinemagile jardunari buruz hausnartuko du. Errealizadorea, saiakera idazlea eta akademikoa da Mulvey, eta funtsezko ekarpena egin dio azterketa zinematografikoen diziplinari; hain zuzen ere, eragin handia izan du filmak teoria feministaren ikuspegitik aztertzeko moduan.

1975ean idatzi zuen bere lehen saiakera, "Visual Pleasure and Narrative Cinema", zinema feministaren teoriaren sorrera-dokumentua izan zen, eta manifestu bat ez ezik, idazketa esperimentaleko lan bat ere izan zen, aldi berean, Hollywoodeko zinema klasikoaren irudikapen-egituren kritika feminista eginez ikuspegi psikoanalitiko batetik begiratuta. Bere ideiak eta kritika garatzen jarraitu zuen hurrengo lanetan: Visual and Other Pleasures (1989), Citizen Kane (1992), Fetishism and Curiosity (1996), Death 24x a Second: Stillness and the Moving Image (2006), eta Afterimages: On Cinema, Women and Changing Times (2019). Sei film egin ditu Peter Wollen teorialariarekin, eta teoria feministaren, semiotikaren, psikoanalisiaren eta ezkerreko politikaren diskurtsoak aztertu dituzte. Film-trilogia bat ere egin dute: Penthesilea (1974), Riddles of the Sphinx (1977) eta AMY! (1980), emakumearen mitoa eta irudikapena aztertzeko, eta geroagoko lanetan Frida Kahlo & Tina Modotti (1980) dokumentala aipa dezakegu, baita narrazio esperimentalak ere, hala nola Crystal Gazing (1981) eta The Bad Sister (1983), adibidez–. Zinemaren, idazketaren eta irakaskuntzaren arteko bere hurbilketak eragina izan du zinema feministaren arloko profesional, artista eta pentsalari belaunaldietan.

Irakaskuntzan eta hitzaldiak ematen egin duen ibilbide luzeak osatzen du Laura Mulveyren jardun artistikoa. 1980ko hamarraldi hasieratik, eskolak eman zituen Bulmershe College, London College of Printing eta British Film Institute ikastegietan, Londreseko Birkbeck Unibertsitatean eta mundu osoko beste leku askotan. Urte hauetan guztietan, zinema ulertzeko bere moduan eragina izan dute bere irakaskuntzako hainbat elementuk, adibidez, zinema aztertzeko teknologia erabiltzeak, irakaskuntzako tresna gisa muntaia mahaia erabiltzeak, ikasgelan film analogikoen klipak proiektatzeak edo, geroago, VHSren eta fitxategi digitalen erabilerak ematen dituen aukerek.

Proiekzioen egitaraua

Mintegian parte hartzeaz gain, Tabakalerako zineman egingo diren bi proiekzio publikotan ere hartuko du parte Laura Mulveyk: abenduaren , osteguna, izango da lehenengo emanaldia, eta Frida Kahlo & Tina Modotti eta AMY! Filmak eskainiko dituzte; bigarren saioa, Tabakalerak antolatutakoa, abenduaren izango da, larunbata, eta The Arbor (Clio Barnard, 2010) proiektatuko da. 19:00etan hasiko dira bi saioak. Elias Querejeta Zine Eskolaren 2022-2023 ikasturte amaieraren barruan egingo du bisita hau Mulveyk, eskolako ikasleek ikasturte amaierako haien lanen aurkezpenak egiten dituzten garaian.