Berriak /
EQZEren produkzioen presentzia handia FIDMarseille jaialdian
Jaialdian Camilo Restreporen eta EQZEren artean egindako La Chambre d’ombres (Itzalen gela) proiektuaren lehenengo aurkezpen publikoa egingo da. Eskolako ikasleen beste hiru film lehiatuko dira Premier Film eta Compétition Flash sailetan.
Elías Querejeta Zine Eskolan garatutako lau film aukeratu dituzte FIDMarseille jaialdiaren edizio berrian. Jaialdia ekainaren 25etik 30era bitartean egingo da. La Chambre d’ombres (Camilo Restrepo), Una sombra oscilante (Celeste Rojas Mugica), Ulysses (Hikaru Uwagawa) eta 102 Narra (Tatjana Fanny Honegger eta Rafael Manuel) filmak lehiatuko dira jaialdiko sail desberdinetan.
La Chambre d’ombres (Itzalen gela) proiektuaren ardatza izen bereko argitalpen bat eta film bat dira. Camilo Restrepok (Medellin, 1975) sortu du, Elías Querejeta Zine Eskolaren gonbidapen batetik abiatuta. Lanaren jatorria zinemagile kolonbiarrak EQZEko ikasleei 2019-2020 ikasturtean eman zien mintegi batean dago. Mintegia amaitu ondoren, Eskolak lantegiaren aztergairekin lotutako obra bat ekoiztera gonbidatu zuen zinemagilea: munduko irudiak eta irudikapenak sortzen diren testuingurua zalantzan jartzea, eta irudi eta irudikapen horiek errealitatean duten eragina.
Helburu hori betetzeko, proiektuak hainbat artelan, film, liburu eta argazki zeharkatzen dituen ibilbidea marrazten du, artea eta haren adierazpenak interes ekonomikoak ezartzeko, ideologiak sustatzeko, kolonizazio estrategiak ezartzeko eta edozein motatako diskriminazio sozial eta kulturalak gauzatzeko erabili direla erakusteko. Menderatze mekanikak nabarmentzen dituzten obrak dira, baina, bestalde, emantzipaziorako bideak eta tresnak ere adierazten dituzte, Camilo Restrepok adierazi bezala. Francis Alÿs, Fernando Botero, Bertolt Brecht, Guy Debord, Paul Klee, Alexander Kluge, Milan Kundera, Chris Marker, Susan Meiselas, Charlotte Perkins Gilman, Sophie Ristelhueber, Martha Rosler, Deborah Stratman, Kidlat Tahimik, René Vautier eta Robert Walser dira La Chambre d’ombres lanean aipatzen eta erreferentzia egiten zaien artistetako batzuk. Argitalpenak zein filmak, liburua osatzen duten 26 saiakeren eszenaratzeak, besteak beste saiakera eta fikzioa narrazio formak aztertzen dituzte, eta marrazketa, argazkia, zinema, mugimenduzko irudia eta antzeko elementu bisualak dituzte oinarri.
La Chambre d’ombres lanaren bertsio zinematografikoaren munduko estreinaldia French Compétition sailean egingo da; sail horretan beste bederatzi filmekin batera lehiatuko da. Bestalde, argitalpenaren aurkezpena funtzio kritikoari eta politika editorialari buruzko mahai inguru batean egingo da.
Premier Film sailak EQZEn ekoitzitako bi filmen munduko estreinaldiak aurkeztuko ditu: Una sombra oscilante eta Ulysses. Una sombra oscilante Celeste Rojas Mugicaren lehenengo film luzea da. Rojas Mugica Eskolako bosgarren promozioko ikaslea da. Zinemagilearen aitaren argazki artxiboan oinarritutako proiektu honek zenbait forma hartu ditu (liburu bat, instalazio bat), lehenik Donostia Zinemaldiko NEST sailean parte hartu zuen izen bereko film labur batean eta orain film luze batean gauzatu aurretik. Flor de Múgica, Mayra Morán eta Nicolás Turjanski EQZEko promozio desberdinetako ikasleek hartu dute parte filmaren produkzio, muntaketa eta idazketa lanetan. Una sombra oscilante filmak, beste laguntza batzuen artean, IFFRren Hubert Bals funtsaren, Txileko Ikus-entzunezko Funtsaren eta INCAAren babesa ditu.
Ulysses da Hikaru Uwagawa laugarren promozioko ikaslearen opera prima. James Joyceren lanean oinarritzen da, eta filmak Madrilen, Donostian eta Maniwa (Japonia) gertatzen diren hiru istorio kontatzen ditu. Ulysses Donostia Zinemaldia, CICC Tabakalera eta EQZEren Ikusmira Berriak (2023 urtea) garapen programaren bederatzigarren edizioko hautaketaren parte da. Jaialdiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkeztu zen, 71. edizioan. Uwagawaren promoziokide Avery Duncanek, Nicolás Augerrek eta Joan Pàmiesek filmaren argazki eta soinuan parte hartu zuten.
Premier Film programan Mitología de barrio lana ere nazioartean estreinatuko da. Filma Alejandro Pérez Castellanosek zuzendu du, EQZEko ikasleak, Antonio Llamas eta Jorge Rojasekin batera. Filmak Publikoaren Saria eskuratu zuen DocumentaMadrid jaialdiaren azken edizioan.
Azkenik, Eskolako ikasketen esparruan garatutako beste film batek, 102 Narra lanak, Frantziako jaialdi horretako Compétition Flash sailean parte hartuko du. Filma Tatjana Fanny Honeggerrek, bosgarren promozioko ikasleak, eta Rafael Manuelek zuzendu dute, eta Filipinetako familia eta gizarte egituren begirada eskaintzen du. 102 Narra Rotterdameko IFFR jaialdian estreinatu zen urtarrilean.