Berriak /

2026-2027 Ikasturterako izen-emate epearen irekiera

Otsailaren 1ean hasi eta 28an amaituko da EQZEko hiru master-programetan izena emateko epea. Bost ikaslek ikasteko laguntzak izango dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren eta TSH Talent Foundation fundazioaren beken bidez. Otsailaren 10ean informazioa emateko saio bat egingo da online.

2026/01/30
2026-2027 Ikasturterako izen-emate epearen irekiera

Elias Querejeta Zine Eskolak 2026-2027 ikasturterako izena emateko epea ireki du. Eskaerak jasotzeko epea otsailaren 1etik 28ra egongo da zabalik. Eskolaren webgunean dagoen formularioaren bidez bakarrik eman ahal izango da izena. Gune horretan zehazten dira, halaber, sartzeko baldintzak, eskatutako dokumentazioa eta deialdia ebazteko egutegia. 

Hautagaiak Onarpen Epaimahaiak eta ikastetxeko Zuzendaritza Akademikoak ebaluatuko dituzte, izena emateko epearekin batera egingo den prozesuan. Ondorioz, plazen kopurua —espezialitate bakoitzeko (Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza) gehienez ere hamabost ikasle— epea amaitu baino lehen osa daiteke. 

Deialdiaren ebazpena eta onartutako ikasleen zerrenda ekaineko lehen astean argitaratuko dira. 


Hiru master programa 

Elias Querejeta Zine Eskolaren xedea da zinemagileak formatzea, zinemagile hitza zentzurik zabalenean eta transbertsalenean hartuta; hau da, bai iraganeko zinemaz (ikerketa eta babesaren bitartez), bai oraingoaz (komisariotza eta programazioaren bitartez), bai eta etorkizunekoaz (sorkuntzaren bitartez) jabetuta eta trebatuta dauden zinemagile gaituak formatu nahi ditu. Begirada oso hori hiru master programatan zehazten da: 

  • Artxibo Zinematografikoan Masterrak ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa identifikatu, sailkatu, zaharberritu eta zaintzea du ardatz, eta, aldi berean, sorkuntza artistikorako eremu gisa planteatzen du alor hori. 

  • Komisariotza Zinematografikoan Masterra zinemarekin eta ikus-entzunezko arteekin lotutako programazioen, argitalpenen eta erakusketa-proiektuen kontzeptualizazioan, kudeaketan eta hedapenean oinarritzen da. 

EQZEren ikasketa-plana goi-mailako unibertsitate-tituludunei (lizentziatura edo gradua), titulua lortzeko prozesuan dauden ikasleei eta zinema-eskoletako egresatuei zuzendua dago. Salbuespen gisa, nahiz eta aldez aurreko baldintzak ez bete, zinema-esperientzia edo ebaluatzeko moduko merituak egiaztatzen dituzten hautagaiak baloratuko ditu eskolak. 


Ikasketetarako bekak eta laguntzak 

Gipuzkoan bizi diren hiru ikaslek Aldundiko Kultura Departamentuaren EQZE bekak jaso ahal izango dituzte eskolako graduondoko ikastaroetako batean izena emateko; laguntza horiek 2.500 eurokoak izango dira. Oinarriak datozen asteetan argitaratuko dira. 

Bestalde, TSH Talent Foundation erakundeak hamar hilabeteko bi ostatu-beka eskainiko ditu (2026ko irailetik 2027ko ekainera) The Social Hub Donostia egoitzan. Irabazi-asmorik gabeko erakunde honek egoera ahulean dauden ikasleentzako prestakuntza-programak kudeatzen ditu, goi-mailako hezkuntzarako sarbidea eta garapen profesionala errazteko asmoz. 


Informazio-saioa  

Onarpen-prozesuarekin zerikusia duten zalantzak argitzeko asmoz, otsailaren 10ean, 16:00etan (CET), informazio-saio bat egingo da online, interesa duten guztiei irekia. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua eta finantzatua eta Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentroa, Elias Querejeta Zine Eskolak proiektu pedagogiko bat proposatzen du, proiektu horren garapenean parte hartzen duten erakundeen ezagutza-alorretatik abiatuta: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia.