Berriak /
Ikusmira Berriak programaren 4. edizioko egonaldia hasi da
Hautatutako bost zinemagileek Tabakaleran garatuko dituzte beren proiektuak sei astez
Laugarren edizio hau izango da Ikusmira Berriak-en egungo egiturarekin egingo den azkena. Hurrengoa bi egonalditan zatituko da: otsailean eta irailean. Bosgarren ediziorako deialdia, eredu berriaren araberakoa, abuztuaren 31n itxiko da. Urriaren erdialdera jakingo da zein izan diren hautatutako proiektuak.

Ikusmira Berriak-en hurrengo edizioa bi egonalditan zatituko da: otsailean eta irailean.
Ikusmira Berriak-en laugarren edizioa joan den astelehenean hasi zen, abuztuaren 20an. Sei astez, jasotako 155 proposamenen artean hautatutako bost zuzendariek, Manuel Abramovichek, Nele Wohlatzek, Elena López Rierak, Arantza Santestebanek eta Grigory Kolomytsevek, Tabakalerako Sortzaileen Gunean garatuko dituzte beren proiektuak.
Prozesu honetan laguntzeko, Donostiara etorri da Fodhla Cronin O'Reilly ekoizle irlandarrak, Sergio Oksman zinemagile brasildarrak eta Savina Neirotti TorinoFilmLabeko zuzendariak osatutako aditu-taldea, eta aste honetan egoiliarren pitching saioetan izan dira. Datorren astean, Constantin Popescu zuzendari errumaniarrak tailer bat emango die. Iaz, Sail Ofizialean lehiatu zen, Pororoca filmarekin (aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Bogdan Dumitracheren lanari esker). Egonaldiaren hirugarren astean, Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagile eta Vento Filmsen sortzaileek zine dokumentalaren gaineko jakintza eta esperientziak trukatuko dituzte egoiliarrekin.
Laugarren astean, REC Grabaketa Estudioaren instalazioak bisitatuko dituzte, eta beren proiektuak garatzen arituko dira. Bosgarrenean, industriaren aurrean egin beharreko aurkezpena prestatuko dute; 23an izango da, igandean, Zinemaldiaren Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan, eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleekin bilduko dira.
Azken astean, egoiliarrek toki espezifiko bat izango dute San Telmo museoan, Koprodukzio Foroaren egoitzan, beren proiektuetan interesa duten profesional kreditatuekin 'one-to-one' biltzeko. Horrez gainera, industriaren gainerako jardueretan parte hartu ahal izango dute, bai eta Zinemaldiko proiekzioetara joan ere.
Industriako sariak banatzeko prentsaurrekoan, irailaren 26an, asteazkena, jakingo da nork irabazi duen laugarren edizioan. Programak proiektuen artean banatzeko ematen duen 25.000 euroko diru-laguntzaz gain, REC Grabaketa Estudioak, saritzat, film luze baten postprodukzio-zerbitzuak ere emango ditu, 35.000 euroan baloratuak.
Ikusmira Berriak-en lehen edizioetan hautatutako hiru proiektu bukatuta daude, eta Zinemaldian eman dituzte. Pablo Álvarezen El extraño, Leo Calice eta Gerhard Treml-en Calipatria, Tamyka Smithen Gwendolyn Green film laburrak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu ziren, 2016an eta 2017an. Aurten aurkeztu da, Locarnon, programa honen harira bukatutako lehen film luzea: Trote, Xacio Bañok zuzendua. Lehen edizioko egoiliarra izan zen, eta Zabaltegi-Tabakaleran emango dute.
Laugarren edizio hau izango da Ikusmira Berriak-en egungo egiturarekin egingo den azkena. Hurrengoa bi egonalditan zatituko da, otsailean eta irailean. Bosgarren ediziorako deialdia, eredu berriaren araberakoa, datorren hilaren 31n itxiko da. Urrian jakingo da zein izan diren hautatutako proiektuak.
Informazio gehiago hemen.