Programa publikoak /

Dejemos que la casa se ensucie

2023/10/20 2023/11/10
19:30

Emakume zinemagile argentinarrak

Elias Querejeta Zine Eskolak eta Kontadores Gazte Zentroak elkarrekin antolatu dute Argentinako emakume zinemagileen egitaraua. Donostiako zentro horretan egingo da zikloa urriko eta azaroko lau ostiraletan (2023ko urriaren 20tik azaroaren 10era). “Dejemos que la casa se ensucie. Emakume zinemagile argentinarrak” izenburua du zikloak, eta herrialde horretako zinematografia garaikidera hurbiltzen da, belaunaldi arteko ikuspegi feminista batetik, horretarako hainbat zinemagileren lana ekarrita, hala nola Maria Alché, Melisa Liebenthal eta Clarisa Navas. Aldi berean, elkarrizketa bat proposatzen du funtsezko hainbat errealizadoreren lanekin: Maria Luisa Bemberg, Lucrecia Martel, Albertina Carri eta Narcisa Hirsch-en lanekin, esaterako.

70eko hamarralditik aurrerako hainbat hamarkadako film-sorta anitz batean murgiltzea proposatzen du egitarauak, eta fikziozko zinema, fikziozkoa ez dena zein esperimentala arakatzen ditu. Lan horietan, bat egiten dute errealizaziorako eta ekoizpenerako hainbat hurbilketak, ikuspegi berritzaile batekin eta etxeko espazioaren, espazio intimoaren eta egunerokotasunari dagokion espazioaren ikerketa birplanteatuta, era horretan, gizonezkoen mainstream zineman gailentzen diren narratibak desafiatuz.

Ekoizle, zuzendari, argazkilari eta Las Furiasen kuradorea Lucía Dellacha (1994, Buenos Aires) da “Dejemos que la casa se ensucie” zikloaren komisarioa. Zinemaren Unibertsitatean (Argentina) egin zituen argazkilaritza-zuzendaritzako ikasketak, eta film luzeetan eta sailetan lan egin du, hainbat zuzendarirekin; hala nola Mara Pescio, Fernando Meirelles, Mateo Bendesky eta Martin Piroyanskyrekin. Gaur egun, Zinema Komisariotzako Masterra egiten ari da EQZE eskolan.

Zikloa EQZEk eta Kontadores Gazte Zentroak antolatu duten arren, Tabakaleraren, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Bendita Tú jaialdiaren laguntza du.


Dejemos que la casa se ensucie

Maria Luisa Bemberg zuzendariaren Señora de nadie (1982) filmak inauguratuko du zikloa. Joera feministako narratiben hasiera markatu zuen film horrek, eta emakumearen egoeragatiko kezka politikoa islatzen du, batez ere etxeko andrearen, gizarte patriarkalak ezarritako arduretan eta asmoetan harrapatutako emakumearen testuinguruan. Bi filmek osatuko dute bigarren saioa: Narcisa Hirsch zinemagileak zuzendutako Seguro que Bach cerraba la puerta cuando quería trabajar (1979) filmak, eta Melisa Liebenthalen Las Lindas lanak. Garai eta estilo ezberdineko filmak izan arren, film biak dira emakumeen ikuspegiaren, hegemoniaren, edertasunaren, gorputzen eta sexualitateen ikuspegia adiskidetasunaren unibertso intimotik abiatuta ikertzen duten esperimentu dokumentalak. Hirugarren ostiralean, berriz, Lucrecia Martelen Rey muerto (1995) eta Maria Alchéren Familia Sumergida (2018) izango dira protagonistak; film horiek “familiako amaren” rolaren problematikari heltzen diote, bidaiak eta doluak bizi dituzten eta imaginario onirikoak eta itogarriak esploratzen dituzten bitartean. Barbie también puede estar triste (2001) filma eskainiko dute azkeneko saioan, Albertina Carri zuzendariarena, eta Clarisa Navasek zuzendutako Hoy partido a las 3 (2017). Film horiek emakume garaikidearen maitasun eta sedukzioetan arakatzeko aukera ematen digute eta, aldi berean, zalantzan jartzen dituzte generoari eta sexu-orientazioari dagokienez ezarritako presio sozialak, eta aurre egiten diete homofobiari eta transfobiari.

Egitaraua

Ostirala, urriak 20

Señora de nadie (María Luisa Bemberg, 1982, 98 min.)


Ostirala, urriak 27

Seguro que Bach cerraba la puerta cuando quería trabajar (Narcisa Hirsch, 1979, 27min.) Las lindas (Melisa Liebenthal, 2016, 77 min.)


Ostirala, azaroak 3

Rey muerto (Lucrecia Martel, 1995, 12 min.) + Familia sumergida (María Alché, 2018, 91 min.)


Ostirala, azaroak 10

Barbie también puede estar triste (Albertina Carri, 2011, 22 min.) + Hoy partido a las 3 (Clarisa Navas, 2017, 96 min.)


Sarrera librea da edukiera bete arte. Saio guztiak 19:30tan hasiko dira.