Sorkuntza

arrow

Sorkuntza graduondokoak obra bat asmatu, esperimentatu, sortu eta gauzatzeko prozesu sortzaileekin zerikusia duten alderdi guztiak jorratzen ditu, zinemagilearen ahots propioa bilatzeaz gain

Zinemari buruzko prestakuntza teorikoa eta ez estandarizatua ematen du, gogoeta eta pentsamendu giro aberats batean parte hartzea, eta proiektu pertsonal bat garatzea tutoretza sistema pertsonalizatuaren bidez, ikasle bakoitzaren kidetasunen eta proiektuaren beharren arabera betiere.

Horrela, espezialitateak aurrez aurre jartzen ditu ikasleak ideia prozesuekin (subjektibotasuna), lan metodologiekin (sistematizazioa), esperimentazioarekin (bilaketa formal espezifikoa) eta proiektuaren kontzeptualizazioarekin eta gauzatzearekin.

Zinemaren jatorritik irudien zibilizaziora

Zinemagile bat nola sortzen den galderari, beste galdera batekin erantzuten dio Sorkuntza masterrak: nola ahaztu dena, eta nola itzuli zinemara eskuekin lan egiteak ematen duen ezagutza espezifikoaren bidez? Metodologia esperimental baten emaitza da sorkuntzaren ibilbidea. Metodologia horrek bi gaiak jorratzen ditu, ahanztura eta ezagutza sentsoriala eta teknikoa, ekoizpen bitartekoen kontrola medio, hiru etapatan banatutako ibilbidean.

Avant-Garden irakasgaiarekin hasten da prozesua. Filma eta lorategiko artea: printzipio berri bat bere gain hartzea proposatzen du, konpromiso bat hartzea filmak egitera egiaz animatzen gaituen horrekin, eta ahalegina egitea irudien aurrean itsu egiten gaituzten aurreiritziak alde batera uzteko. Lorategi kontzeptuak, izan ditzakeen kontraesan guztiekin, bere dimentsio sinbolikoan funtzionatzen du, baina baita metodologikoan ere; zorroztasunez, irmotasunez eta itxaropenez lan egiteko proposamen gisa, baratzezainak egiten duen bezala. Bidaiaren lehen etapa horretan, argi geratzen da artisau-lanera itzultzeko beharra, trebetasun teknikotik, baina baita lanaren eta irudimenaren zorroztasunetik ere. Ikastaroaren hurrengo etapa ozeano horretan murgiltzen da: sorkuntzaren metodologiena. Egoitzan dagoen zinemagilearen eskutik, lasaitasun aldian sartuko da ikastaroa, lasai gogoeta egiteko eta beste sortzaile batzuen esperientzia sortzaileaz gozatzeko. Iragaitea da, pentsamendu sortzaileko eta esplorazioko aldi batek markatutako lehen etaparen eta irakaskuntza aldiaren hirugarren faseak eragiten duen azelerazioaren artean, Kinofabrika gisa identifikatzen duguna. Batez ere master amaierako proiektuetan oinarrituta, Kinofabrikak proposatzen du filmetan aurrera egitea, ez ideietatik, baizik eta gauzatzetik, hau da, ekoizpen mugetatik, jada egindako irudietatik eta soinuetatik, egitetik, dagoeneko identifikatuta dauden aurpegietatik, kamera biziko den lekuetatik. Ezagutza sentsorialari eta teknikoari buruzko ideia horietatik abiatuta, Kinofabrikak proposatzen du sortzeko modu gisa ulertzea produkzioa, mugetatik abiatuta.

Avant-Gardenetik Kinofabrikara, horixe da Sorkuntza Masterrak proposatzen duen bidea: irudien jatorritik zinemaren zibilizaziora. 

359 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Matias Piñeiro (Buenos Aires, 1982) da ibilbidearen koordinatzailea, zinegilea eta irakaslea.

Aberrazioen artea. Zinemaren estetika eta teoriaren kontzeptuak

Joxean Fernández
Carlos Muguiro
Modulu: 1, 4

Zinemaren estetikari eta historiari buruzko hastapen ikasgaia da hau, orainaren bidegurutzetik planteatua; historiaren kontzeptua bera kontakizun totalizatzaile gisa krisian egoteaz harago, benetako susmoa zabaldu da denbora diakronikoaren antolamenduari eta aurrerapenaren ideiari buruz. Zentzu espezifikoan, zinemaren historia gure garaitik kontatzeko aukerari buruz galdetzen du ikasgaiak. Eta hori egin ahal izateko nahiarekin egiten du, hau da, zinemaren historia osatzen duten historiak pluralean kontatzeko asmoarekin. Zentzu orokorragoan, denborari buruzko ikasgaia ere bada hau, besterik gabe. XXI. mendearen lehenengo bi hamarkadetan zehar, historiografia errebisionistaren hainbat korrontetatik zalantzan jarri dira tradizioz ehun urteko zinema egituratzeko balio izan duten kategoriak, dikotomia estilistikoetan (klasizismoa vs modernitatea) edo parametro teleologikoetan oinarrituak, sarritan zinematografikotik harago doazenak: azterketa kulturalak, teoria afektiboak, bitartekoen arkeologia, harreraren analisia, materialismo kulturala, ekokritika edo genero azterketak eta azterketa postkolonialak dira hurbilketa kritiko horietako batzuk. Historialariek bira terminoa txertatu dute beren lexikoan (bira afektiboa, artxiboaren bira, bira materialista), eta grafikoki agerian utzi dute zinemari aplikatu ohi zaion xede lineal eta eboluzionista birbideratzeko beharra. 

Hala ere, erresistentzia-leku lokalizatuetatik, mikrohistorian eta mendeko historietan zentratutako kolektibo eta gutxiengoetatik, narratiba alternatiboetatik eta behetik, nagusitasun akademikoaren eta unibertsitate nahikotasunaren aurkako jarrera kritikoak sortu dira aldi berean. Nola heldu, bada, zinemaren historiaren kontakizunari herentziaren arbuio automatikoan, zinismo negazionistan, begirada exogeno eta zientifistan, jakin-min falta hutsean erori gabe? Zine eskola batean, zinemaren historiaren kontakizunak zein modutan izan behar du geure memoriaren kontakizuna ere? Arbuiatzen dugun historia horren parte al gara? Alderdi horretatik, zinemaren denborari buruzko ikasgai hau zineman dugun gure denborari buruzko ikasgaia ere bada. 

Historiak teorikoki ez ezik ikuspuntu aplikatutik ere izan dezakeen aukerari heltzeko asmoz, ikasgai honek elkarrizketarako metodologia proposatzen du, saioetan zehar ahots dibergenteak baina osagarriak txertatuz. Historia paradoxiko eta askotarikoa eraiki nahi da, irekia eta errizomatikoa, batere ez lineala, karnabaleskoa eta metamorfikoa. Horren harira, Nicole Brenezek markatutako ildoari jarraituko diogu, honako hau ohartarazten baitu: "zinema etengabe ari da urratzen, bere hausturak sakontzen, etenaren eta bere bikoitzaren ahalak aldarazten, zentsura lantzen eta defekzioa lantzen uzten".

Leku baten azterketa

Mariano Llinás
Modulu: 4

Ikasgai honen xedea da, praktikoki eta egunero filmatu eta muntatuz, fikzioa aktibatzeko eta garatzeko mekanismoak ezagutzea. Avant Gardenek oinarri hartzeko lan bat proposatzen digu, eta Zinefabrikak, aldiz, planteamendua ekoizpenaren ikuspuntutik egitea. Bada, ikasgai hau erdibidean dago, eta ikasturtean zehar trantsizioa egiten laguntzen du: errealitatea behatzeko ariketa bat du abiapuntu, galderak egin eta hipotesiak eratzearen bidez pertsonaiei, egoerei, atmosferei eta istorioei itxura ematen joateko. Ikasgaiak, horrela, plano baten denbora beste zerbaiten promesa gisa kondentsatzen hasten den unea lantzen du, eta ikasleek egunero entregatu beharreko lanen bidez zehaztu beharko dute hori.

Irudi fotokimikoa I. Zuri-beltzean errebelatzen

Niko Iturralde
Modulu: 2

Ikasgai honek aukera emango digu zuri-beltzeko pelikula, negatiboa eta itzulgarria laborategian eskuz errebelatzeko erabiltzen diren prozedurak ezagutzeko. Eskolan filmatutako materiala erabiliz, errebelatze-prozesuaren berezitasunak ezagutuko ditugu, kimikak filmaren egituraren gainean nola eragiten duen ulertzeko, bai eta pelikula behar bezala zaintzeko funtsezko alderdiak ere. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.

Zinefabrika. Proiektu zinematografikoen garapena

Alessandra Boulos
Beli Martínez
Modulu: 5

“Teknikak ospe txarra du”, idatzi zuen Richard Sennett-ek, “eta sentikortasun-falta duela esan ohi da. Baina eskuak ongi trebatuak dituztenek ez dute hala pentsatzen. Haientzat, teknika oso lotuta dago adierazpenarekin”. Ezagutza sentsorialari eta teknikoei buruzko ideia horietatik abiatuta, “zinemagilearen eskuei” buruz, Zinefabrikak proposatzen du produkzioa modu jakin batean ulertzea, hots, mugetatik abiatuta sortzeko modua dela.

Zinefabrika egin dezakegun zinemari buruzko tailer bat da, ikasi ahala egitea eta eginez ikastea baita garrantzitsuena. Ikasturtean zehar garatzen da eta ikasleen azken proiektuetara bideratuta dago; produkzioaren ikuspegitik aztertzen ditu ideiak eta filmak, lan hori ere sorkuntza-lana dela oinarritzat hartuz. Ikasleen filmak momentuko egoeraren emaitza gisa ulertzea da helburua eta era berean, produkzio moduen inguruko aldaketa bideratu nahi da, produkzioa film guztietara egokitu daitekeen plan estandarizatuaren exekuzio soiltzat jotzen duten topikoak zalantzan jarriz. Abiapuntu horretatik, Zinefabrikak aurrekontuei, finantzaketari, taldeak osatzeari, filmaketa-planei, dosierrak egiteari eta produkzio-estrategiei buruzko gaiak jorratzen ditu.

Sorkuntzaren metodologiak


Modulu: 3, 5

Ikasgai hau ibilbide luzeko eta begirada ezberdineko hiru zinemagileri sistematizatzeko eta beraien sormen-prozesuetako baliabideak partekatzeko eskatzearen emaitza da. Proiektu bakoitzak jatorri eta begirada ezberdina izaten dituela badakigu, eta badakigu horiei forma emateko hurbilpen jakin bat bilatzen dela; baina, bada hori baino urrutiago doan galdera bat: Ba al dago pelikula baten sormen-prozesuan aldatzen ez den pausorik?

Gonbidatutako zinemagileek beraien intuizioak eta koadernoak partekatuko dituzte, beraien ordenagailuko mahaigaina proiektatuko dute eta beraiek pelikulak egiteko hartu dituzten bideei buruz hausnartuko dute. Batzuk intuitiboagoak dira, besteak sistematizatuagoak.  Sorkuntzaren metodologien xedea ez da sorkuntza jarraibide jakin batzuetara edo sistemetara murriztea, guztiz kontrakoa baizik. Sorkuntzaren prozesuan sartzeko proposamen bat da, eta pelikula bati forma emateko prozesu guztiz berezi (eta ia partekatu ezin den) horretan norbere buruari erreparatzea.

Avant-Garden. Filma eta lorategiaren artea

Carlos Muguiro
Modulu: 1, 4

Zinemagilearen trebetasun teknikoari buruzko ikasgaia da hau. Ez teknologiari buruzkoa, baizik eta eskuetan, egitean, dagoen ezagutzari buruzkoa (pentsamendua, bai eta adierazpena). Antzinako Grezian techné gisa identifikatzen zen hori: trebetasuna, artea edo teknika ezagutza praktikoaren zentzuan eta zeregin jakin bat eraginkortasunez egiteko gaitasuna. Era berean, eta zenbait alorrekin gertatzen den bezala, ikasgai honetan urtero txandakatzen dira laboreak. 2025-2026 ikasturtean bi proiektutik abiatuta egingo da lan: haikuaren proiektua eta Anton Txekhoven "Gereziondoen lorategia". Urtetik urtera aldatu eta bilakatu egiten dira proposamen akademikoak, baina beti mantentzen dira baratzearen mugek markatzen dituzten funtsezko sei helburu metodologiko: a) diziplinan eta trebetasun teknikoan aplikatzea (nolabaiteko obsesio metodikoarekin), b) eskuen pentsamenduan konfiantza izatea. Beti egin, lehenik, c) autoadierazpen-nahia deszentratzea, d) irudimenaren (eta intuizioaren) ezagutza berreskuratzea, e) galtzearen artea praktikatzea eta f) itxaroten ikastea, itxaropenez.

Irudi fotokimikoa II. Vostok errebelatzailea

Niko Iturralde
Modulu: 2

Ikasgai honen helburua da koloretako pelikula errebelatzen ikastea, mekanikoki, errebelatze tren batean. Prozesu horrek aukera ematen du argazkigintza-bidearen etapa bakoitza ulertzeko eta baloratzeko, irudia atzematen denetik ikusten den pelikula gauzatu arte. Kimikoak, esposizio denborak, tenperaturak... kontrolatzen ikasteko prozesuak trebetasun tekniko zehatzak garatzeko aukera ematen du, baina, batez ere, esperientzia emozional eta artistikoa da. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.

0 proiektua. Irudi fotokimikora hurbiltzea

Asier Armental
Modulu: 1

Teoriaren eta praktikaren artean kokatutako irakasgai honek filmaketa analogiko eta digitalerako oinarrizko tresna eta tekniketara hurbilduko ditu ikasleak. Argiztapena, kolorea, fotometria, optikak eta kameraren erabilera bera landuko dira. 16 mm eta super 8ko errodaje-ekipoak muntatuko ditugu, pelikula kargatuko eta EQZEn eskuragarri dagoen materiala errepasatuko dugu. Ikastaro honek, gainera, ikasturtean zehar erabilera-arauei, ekipoen erabilpenari eta pelikularen eskuragarritasunari buruzko zalantzak argitzeko balioko du.

Orri zuriaren aurka: sorkuntza zinematografikora hurbiltzeko beste bide batzuk

Matías Piñeiro
Modulu: 2, 5

Nola hartzen du forma gure "Hipotesi" proiektuak? Zer metodo erabiltzen dugu gure ideia abstraktuak film zehatz batera eramateko? Nola sortzen da haren berezitasuna? Eta nola sortu eta mantentzen da desioa film batean lan egitean? Hauek dira ikastaro honetan pentsatzen has gaitezkeen galdera batzuk.

"Orri zuriaren aurka" ikasgaiak filmak idazketa zinematografikora hurbiltzea proposatzen du, gure pelikularen bilaketa orainaldira mugiarazten duena, gure proiektuen garapen tradizionalaren prozesuak dakarren etorkizun potentzial etengabearen denbora hedatuz, zalantzan jarriz eta osatuz. Ikastaroaren helburua da sortze-metodo bat aurkeztea, ez hitz idatzitik, planotik bertatik baizik abiatzen dena. Film baterako bidea film bat izan daiteke. Asmoa ez da gidoi zinematografikoa saihestea, baizik eta blokeora eta alienaziora eraman dezaketen pelikula baten aurreekoizpenaren bide konbentzional eta jada erabiliegiak saihestea. Orri zuriaren eta bakardadeko lanaren ordez, ikus entzunezko laborategiko metodologia kolektiboa eta esperimentala erabiliko da, hurbilketak, elkarrizketak, entseguak, zirriborroak, "B aldeak" eta beste hibrido batzuk sortzeko, proiektuaren forma posible eta zehatz baterako bide berezi bat ikusteko.

Era guztietako emaitzak onartuko dira: film labur edo luze esperimentalak, fikziozkoak edota dokumentalak, instalazioak eta irudien eta soinuen interakzioan beste edozein alternatiba.

Ikastaroak "Hipotesien" eta "Akelarreen" bidea lagunduko du. Proiektuaren lehen elementu zehatz bat duen plano batetik sortuko da abiapuntua: argazkiak, grabazioak, elkarrizketak, testuak, aurkitutako materialak edo filmaren beste edozein testigantza.

Bideo-saiakera eta historiaren berridazketak

Cristina Álvarez López
Adrian Martin
Modulu: 3, 5

Zinemaren historia eta zinema-kritika sormen-prozesuan eta berridazketa-prozesu kritikoan inplikatutako diziplinak dira beti. Zinemagileek eta kritikariek ez dute ezerezetik sortzen —beren lana, kontzienteki edo inkontzienteki, aldez aurreko adierazpen artistikoei emandako erantzuna da—. Azken urteotan, berridazketa kritiko horren adibide nabarmen bihurtu da ikus-entzunezko saiakera. Ikasgai honetan, erlazioak ezarriko ditugu ikus-entzunezko saiakeraren forma desberdinen eta zinemaren eta kritikaren historiako aldi, joera eta ideia desberdinen artean. Ikasgai honetan ariketa praktiko bat ere egingo da. 

Soinuaren behatokia

Xabier Erkizia
Modulu: 1, 2

Behatokia  soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea da. Entzumenaren zero gradutik abiatzen da zinema mutuaren existentzia ukatu eta teknologiaren inpaktua, keinuen eta eguneroko objektuen soinu-diseinua, irrati-artea, soinu-etnografia, Sound Art... aztertzeko. Gaitegi finko bat izateaz gain, taldekideen eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da. 

Abiapuntuak

Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3

Lehen lau moduluetan ematen den irakasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.

Hitza pizten: idazketa poetikoaren tailerra

Mar González
Modulu: 3, 5

Hitzak higatuta daude, erabilera inkontzientearen pisuaren azpian hondoratuak. Noraezean dabiltza, hara eta hona, axolagabekeriaz erabiltzearen eta ikasitako inertzien ondorioz. Horregatik, hitz lehorren zalaparta itzali hori piztera gonbidatzen du klase honek. Axolagabekeriatik erreskatatu nahi ditu, banan-banan ireki eta testuan kokatu. Baina, horretarako, hizkuntzaren artisautza landu behar da. Kontua ez da inspirazioa iritsi arte itxarotea, asko idaztea eta gehiago irakurtzea baizik. Jeinua, musa, pneuma edo iratxoa, Lorcak esango lukeen "denek sentitzen duten eta inongo filosofok azaltzen ez duen ahalmen misteriotsu hori", ezin da irakatsi eta ez du jarraibideen eskulibururik. Baina, hala ere, "obeditu egiten du, goseak bezala, digestioak bezala, logaleak bezala", esan zuen Baudelairek. Horregatik, hartarako bide bakarra lana da, prozesua, praktika: teknikan murgiltzea, iristen denean lur emankorra aurki dezan. 

Hitza piztea, beraz, zentzumen irekiez behatzea da, hitz zehatza, perpaus zehatza, beharrezko irudia bilatzea. Funtsean, idazketa-tailerra da, emozioa sortzeko piztutako hitzetik abiatuko dena.

Zinebotanika

Cristina Neira i Aparicio
Modulu: 4

Pelikula botaniko bat egitea, batez ere, pazientzia eta maitasun lana da. Kamerarik gabeko zinemaren metodoak eta lorezain amateurraren trikimailu batzuk abiapuntutzat hartuta, film herbario kolektibo bat sortuko da, aleak biltzetik proiekziora arte.

Ikasgai hau filmak egiteko metodo alternatiboak aztertzeko gogoa duten pertsonei zuzenduta dago, edozein dela ere haien prestakuntza. Zinebotanikak, azken batean, proposamen irisgarriak dira, euskarri filmikoko materialak eta tresnak berrerabiltzeko aukera ematen dutenak, beti naturaren beraren esku dagoen pieza bat sortzeko.

Complex media artelanen interpretazioa eta zaintza

Mona Jiménez
Modulu: 4

Kasu azterketaren formatua baliatuz, ikastaro honek ikasleak eta artelan garaikide konplexuak batuko ditu, multimedia artearen arazo nagusiak eta kontserbazio estrategia sortu berriak ulertzeko. Artistek askotariko ikus-entzunezko formatuak eta teknologiak erabiltzen dituzte, ikertzeko zirraragarriak. Adibidez, osagai zaharkituak, hala nola telebistak (izpi katodikoen hodiak) erabiltzen dituzten artelanetatik kanal anitzeko obra sinkronizatuetara, joko motorrak edo neurrira egindako kodeak dituzten obrak, edo Internetetik datuak ateratzen dituztenak. Artelan horiek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira obrak etorkizunean artistaren ikuspegiarekiko leial funtziona dezala bermatzeko. 

Ikasgaiak ikuspuntu kuratorialak eta kontserbaziokoak uztartzen ditu, arte garaikidearen tokiko museo bateko bildumako artelanak aztertuz. Ikasleek erakusketen historiak ikertzen dituzte, erakundeen artxiboak kontsultatzen dituzte, artelan baten osagaiak aztertzen dituzte eta obrei buruz eztabaidatzen dute museoko langileekin. Prozesuan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen interpretazio, zaintza eta kontserbazioari buruz. 

Jatorrizko emultsioen artea

Esther Urlus
Modulu: 3

Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.

EQZELab. Film-laborategi profesionala

Yolanda Cáceres
Modulu: 5

Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.

Kontaktuak: zinema, bideoa eta artea euskal testuinguruan

Peio Aguirre
Modulu: 4

Ikasgai honek artistaren ikus-entzunezkoa du ardatz Euskal Herriko testuinguruan.  Ikus-entzunezko eta praktika artistikoen arteko harreman eta joan-etorriak hartzen ditu abiapuntutzat, batez ere artearen sisteman gertatzen direnak: museoak, arte-zentroak eta galeriak, edo zinemaren beraren aldirikoak. Ikus-entzunezko sorkuntzaren tokiko panorama aztertzen du irakasgaiak aztergai, gonbidatu, proiekzio eta irteeren bitartez.

Tindatzeen tailerra

Esther Urlus
Modulu: 5

Hasi zenetik, zinema baliabide koloretsua izan da, eta prozesu ugari sortu dira zuri-beltzeko filmari kolorea emateko, hala nola tindatze eta biratze prozesu kimikoak, eskuz margotzea, Technicolor teknika eta emultsio modernoak lortzea; zineman beti erabili izan da kolorea adierazpide artistiko moduan. Tailer honetan, zinemaren jatorrizko kolorea eta teknika horiek zinemagile eta artistei eskaintzen dizkieten aukera estetikoak aztertuko ditugu.