
ZINEBI Gordailua
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren funts zinematografikoari buruzko ikerketa.
Proiektu honen xedea da ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren historia kritikoki arakatzea. Zinemaldia 1959an sortu zuen Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuak, Espainiaren eta Latinoamerikaren artean kultura-zubiak eraikitzeko asmotan. 1981ean Bilboko Udalak hartu zuen bere gain. 2000an izena aldatu zuen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialditik ZINEBIra. Haren historiak ederki erakusten du nola mudatu den zinemaldien eginkizuna tokian tokiko gizarteekin batera.
ZINEBIk 2018an Euskadiko Filmategiaren esku utzitako nazioarteko film laburren funtsa izan da langai nagusia. Funtsak 340 dokumental dauzka, bai eta animaziozkoak, fikziozkoak edo esperimentalak ere, 35 mm-koak (176 ale) zein 16 mm-koak (163 ale). Ekoizpen-datak 1959tik 2011ra bitartekoak dira, alegia, jaialdia sortu zenetik industriak euskarri fotokimikoa baztertu artekoak. Horrenbestez, ate pribilegiatu bat da jaialdiaren lau hamarkadako ibilbidea hainbat angelutatik jorratzeko, bitarte horretan guztian aldaketa mamitsuak izan baitira zinemagintzan, politikan nahiz gizartean.
Proiektuak hiru lan-lerro nagusi proposatzen ditu:
- Funtsa identifikatzea eta katalogatzea. Zeregin honen osagarri gisa, Euskadiko Filmategiarekin elkarlan estuan, nazioarteko beste bilduma batzuetan dauden kontserbazio-materialak bilatzea, eta gordailuaren eraketari eta haren artxibo-historiari buruzko ikerketa xehea egitea.
- Ikerketa kritiko bat garatzea. Askotarikoak dira ikerketa-lerroak, hasi Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuaren babespean hispanismo neoinperialaren bozgorailu gisa izaniko sorreran, segi Atlantikoaren alde bietako zinema militantetik edo Euskadi-SESB Adiskidetasunerako Elkartearen funts sendotik, eta buka alderdi teknologikoetan, hala nola Orwo etxeko materialen kontserbazioan, zeinean Europa ekialdeko pelikula gehienak erreproduzitu baitziren 1964tik 1989ra.
- Programa publiko eta zabalkundekoak diseinatzea. Programen komisariotza egitea, bildumaren berri emateko eta jaialdiaren historiari buruz kritikoki gogoeta egiteko asmotan. Halako programek askotariko formatuak izan ditzakete, besteak beste, funtsean gordetako materialetatik abiaturik kopia digital berriak ekoiztea.
-
2022-2023 ikasturtea
100 material katalogatzeko eta kontserbatzeko prozesua.
-
2022-2023 ikasturtea
Kontserbazio-plana eta prozedura-eskuliburua sortu, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean.
-
2023-2024 ikasturtea
113 material katalogatzeko eta kontserbatzeko prozesua.
-
2023-2024 ikasturtea
“Zinebi, año uno” artikulua argitaratu.
-
2023-2024 ikasturtea
Radical Film Network Madrid 2024n parte hartu.
-
2024-2025 ikasturtea
Funts fotokimikoa identifikatzeko, katalogatzeko eta kontserbatzeko prozesua amaitu, guztira 340 material katalogaturik.
-
2024-2025 ikasturtea
Communiqué from Argentina (Lucha Films, 1978) lanaren emanaldia Buenos Airesko “Más Allá del Olvido” Zinema Berreskuratuaren Astean.
-
2024-2025 ikasturtea
127 material katalogatzeko eta kontserbatzeko prozesua.
Sortu zenetik sei hamarkada igarota eta nazioarteko dokumental-jaialdien artean halako ibilbide sendoa izanik, ZINEBIren hastapenetara itzultzea ia ezinbestekoa da ulertzeko nolakoa izan den zinemaldiaren bilakaera frankismoko eta Trantsizioko politika kulturalaren esparruan. Ikerketa-lerroak modu organikoan sortu dira, arian-arian, Elías Querejeta Zine Eskolako zein zinemaldiko lantaldeen interesen arabera. Diplomazia kulturala, zentsura, zinemagintzako teknologia eta materiala, pedagogia edo zinegile jakin batzuen obrak, zeinen filmografia sakonki lotuta baitago jaialdiari… horiek guztiek ikuspegi kritiko eta poliedriko bat eskaintzen dute jaialdiaren eboluzioaz.
Katalogatze- eta kontserbatze-lanak egin bidenabar, zenbait udal eta estatutako artxiboetan ikerketak egin dira, baliagarri izan direnak dokumentatzeko lehen edizioen izaera diplomatiko kulturala, jaialdiak zentsurako organismoekin eta prentsa espezializatuarekin izaniko harremanak, erakundeen eta programatutako pelikuletan ageri diren gizarte-mugimenduen arteko tirabirak edo Txileko eta Argentinako diktadura militarren kontrako borroka.

1.1. Zinebi, lehen urtea
Bilboko Iberoamerikar eta Filipinar Zine Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren lehen edizioko programazioa Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuaren doktrina hispanistaren argitan aztertzeak modua ematen digu egiaztatzeko nola zinemaldiaren sorreran irizpide politiko eta diplomatikoak erabakigarriagoak izan ziren zinematografikoak baino.
Ikus Secuencias aldizkarian argitaratutako artikulua (Santiago Aguilar, 2024)
1.2. Operación H
Operacion H filmaren (Nestor Basterretxea, 1963) zentsura espedientean aurkitutako dokumentu batek jarri zituen ikertzaileak french connection zelakoaren aztarnaren gainean, dokumental industriala ulertzeko beste modu bat, eta hartan bat egin zuten Jorge Oteiza eta Marcel Hanounek, Jean-Luc Godard eta Luis de Pablok, Fernando Larruquert eta Alain Resnaisek, eta haren Le Chant du styrène (1958) dokumentala jaso zuten egitura formal batzuek. Aurkikuntzaren emaitza bideo-saiakera bat eta haren oinarri diren oharrak dira.
Operación H eta Le Chant du styrène edo zinema industrialaren berrikuntzari buruzko oharrak
Santiago Aguilar (2023)
*Operación H* filmaren (Nestor Basterretxea, 1963) zentsura espedientea, Administrazioaren Artxibo Orokorrean.
Santiago Aguilar (2023)

Operación H / Le Chant du styrène bideo-saiakera
Isaac Tejedor (2023)
Isaac Tejedor (2023)
1.3. Edili, eskandalua Bilbon
Santiago Aguilar (2024).
Bilboko Iberoamerikar eta Filipinar Zine Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren bosgarren edizioan, Edili (Ennio Lorenzini, 1963) film laburraren emanaldiak berealdiko eskandalua piztu zuen. Dokumental horren programazioan elkartu ziren inguruabarrek agerian uzten dute nolako tentsio ideologiko, sozial eta mentalitate-aldaketakoak, baina baita komisariotzari eta harrerari lotutakoak ere, mamitzen ari ziren 1963ko Bilboko kontserbadurismo ilustratuan eta munduaren aurrean halakoentzat erakustoki izan nahi zuen zinemaldiaren bilakabidean.

1.4. Zentsura eta autozentsura Bilboko Lehiaketan
Santiago Aguilar (2024)
Hirurogeiko hamarkadan zehar Bilboko Iberoamerikar eta Filipinar Zine Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak estatuko gainerako zinemaldien gorabehera berak jasan zituen, baina modu larriagoan, sorreran eragile izan zuen Hispanitatearen kontzeptua krisian sartu baitzen, barne-politika ekonomikoko faktoreak eta atzerriarekiko harreman diplomatiko eta kulturalak zirela eta. Estatuko kontrol-erakundearekiko hartu-emanetan islatuko dira argiki tentsio horiek, erakunde horrek 1963az geroztik zinemarako zentsura-arautegi espezifiko bat izan baitzuen.

1.5. Bilboko Lehiaketaren instituzionalizazioa artxiboaren bidez
Ernesto del Río-rekin (ZINEBIko zuzendaria 1999tik 2017ra) eta Joseba Lopezortega-rekin (gaur egungo arduraduna ), abiapuntu harturik 1959az geroztik Kultura Hispanikoaren Euskal Institutuak antolatu ondotik Bilboko Udala aurrena (1981) eta Arriaga Antzokia Fundazioa hurrena (1987) zinemaldiaren titularitatea bere gain hartzera eramango zituen prozesuaren inguruan Bilboko Udal Artxiboan bildutako dokumentazioa.
Bilboko zinemaldia, sortu zenetik bertatik, bokazio iberoamerikar badaezpadako batean sostengatu zen. Badaezpadakoa, filiazio horrek oinarri zituelako Ramiro de Maezturen doktrina hispanista eta Bizkaiko enpresaburu eta finantza-gizonek Latinoamerikarekin zituzten merkataritza-harreman sendoak. Hala eta guztiz ere, 1968ko nahasmendu sozialak eta, espainiar diktadura heriotza naturalez azkendu bitartean, Atlantikoaren bestaldean ezarri ziren diktadura militarrak zirela eta, Bilbo bozgorailu europar moduko bat bilakatu zen dokumental militanteen sail batentzat, zeinak aurreko hamarkadan nagusi izandako titulu ofizialista edo turistikoen beste muturrean baitzeuden. Funtseko materialak, guztira, 45 dira: Kuba (10), Mexiko (7), Brasil (7), Venezuela (6), Argentina (3), Txile (3), Kolonbia (3), Bolivia (2), El Salvador (2), Peru (1), Uruguai (1).
2022an, ZINEBI Gordailua ikerketa-proiektuaren baranoan, Lucha Film estatubatuar kolektiboaren Communique from Argentina filmaren kopia bat aurkitu zen. Filma 1978an egin zen, eta Lili Massaferro argentinar militante peronista eta Montoneros erakundeko adar femeninoaren sortzailearen bizitza kontatzen du, Eva Perónen figurarekin eta herrialdean hark izandako garrantzi historikoarekin uztartuz. Filmaren ezaugarri bereziek eta hari buruzko informaziorik ezak bide eman diote oraindik abian den ikerketa bati.

2.1. Lucha Film Collective Comunicado de Argentina filmaren bitartez: zinema militantea Bilboko Dokumentalen Nazioarteko 20. Zinemaldian
Matías Fajn (2024)
Funtsean gordetako filmaren emanaldirako 16 mm-ko kopiaren digitalizazioa
Matías Fajn, Kauri Ximon Jauregui (2024)
Zinebiren 16 mm-ko kopiaren zati bat: Communique from Argentina filma (Lucha Film, 1978), AEB,: Lucha Film Collective.
Matías Fajn, Kauri Ximon Jauregui (2024)
Comunicado de Argentina filmaren emanaldia Buenos Airesko “Más Allá del Olvido” Zinema Berreskuratuaren Astean
2.2. Beste lan batzuk
35 mm-ko eta 16 mm-ko hiru kopiaren digitalizazioa: Y se queda silencio (Mario Jacob, Alejandro Legaspi, 1978), Peru: Grupo Marcha; La persecución de Pancho Villa (Grupo Cine Sur, 1978), Mexiko: Grupo Cine Sur; Crónicas del Caribe (Emilio Watanabe, Francisco López, 1982), Mexiko: Taller de Animación. Muriel Holguín-ek eta Matías Fajn-ek egina. 2024.
1974an Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Zinema Jaialdiari A kategoria aitortzeak formatu laburrean espezializatzea ekarri zuen. Zinemaldian beti nagusi izandako dokumentaletarako jaidura galdu gabe, programazio berria hiru sailetan banatu zen: ez-fikzioa, fikzioa eta animazioa. Azken horren izaerak laburtasunerako eta esperimentaziorako gonbita dakar. Funtsaren bosten bat zinta animatuek osatzen dute, zeinek askotariko teknikak —stop-motion, ebakinak, plastinazioa, harea...—, jatorri geografikoak eta eremu ideologikoak baitituzte. Funtseko materialak: 1970etik 2006ra bitartean ekoitzitako tituluen 68 elementu fotokimiko.

3.1. Manuel Otero / Cinémation / Studio Guernica 5 Bilboko zinema-jaialdian
Andrea Warszatska, Santiago Aguilar, Isaac Tejedor, Luis Alberto Juárez (2023-2025)
Manuel Otero Frantzian erbesteraturik bizi izan zen bere bizialdiko lehen hilabeteetatik, eta hirurogeiko hamarkadaren erdialdetik aurrera nazioarteko panoramako eragilerik bizienetako bat izan zen. Horrez gainera, Cinémation ekoiztetxearen eta Guernica 5 animazio-estudioaren plataformatik, zinegile-belaunaldi oso baten formazioa sustatu zuen. Egile eta ekoizle modura Bilboko zinemaldian izaniko etengabeko parte-hartzearen azterketa jaso da testu batean, zeinak haren obrarako lehenbiziko hurbilketa dokumentatua eta orain arteko filmografiarik osatuena eskaintzen baititu.

3.2. Cinémation / Manuel de Oteroren filmen digitalizazioa funtsean gordetako 16 mm-ko emanaldi-kopietatik abiatuta
Isaac Tejedor, Luis Alberto Juárez, Andrea Warszatska (2023-2024)
2018an ZINEBIk Euskadiko Filmategiaren esku utzitako material fotokimikoen artean sobietar errepublika sozialista ohietako dozena bat film badiren arren, Bilboko Euskadi-SESB elkarteak Sobietar Batasuna desegitearekin batera zinemaldiari emaniko hirurogei kopiek funts autonomo bat osatzen dute.

4.1. Badatoz errusiarrak! Euskadi-SESB Elkartearen funtsa ZINEBIko film bilduman
Santiago Aguilar (2025)
Bilboko Espainia-SESB Adiskidetasunerako Elkartearen —1983az geroztik Euskadi-SESB elkartearen— funtsean, sei dozena dokumental daude, 1970etik 1981era ekoitziak, Leonid Brezhnev lehendakari zela. Hamarkada horretan, ehun eta berrogeita hamar fikziozko film luze ekoizten ziren urtero SESBn, eta dokumentalak, laurehun bat. Alegia, lagina izozmendiaren erpina baizik ez da, baina, halere, aski da propaganda-estrategiak, gai-errepikak —umezaroa, musika, espaziorako lasterketa...— eta baliabide formalak aztertzeko.
4.2. Bost filmen digitalizazioa, funtsean gordetako 16 mm-ko eta 35 mm-ko emanaldi-kopietatik abiaturik
Reis v more dozhdei (Euriaren itsasorako hegaldia, E. Kuzis, 1970) SESB: Tsentrnauchfilm (TsNF); Japurai, eto znatxit Zhuravli (“Japurai”k kurrilo esan nahi du, Juri Riabov, 1973) SESB: Lendoc (LSDF); Po Sovetskomu Sojuzu 160 (Sobietar Batasunaren fabore 160, 1979) SESB: TsSDF / SSOD; Pravo na zilise (Etxebizitzarako eskubidea, K. Bakshi, 1979) SESB: Ukrainskaia Studija Khronikalno-Dokumentalnikh Filmov; Drug, moi pesnia (Abestia, ene lagun, Juri Zanin, 1980) SESB: Lendoc (LSDF) / SSOD.
Alejandro Martos eta 2023-2024 eta 2024-2025 Ikasturteetako ikasleak.
ZINEBI Gordailuan zaindutako materialen corpusak aukera ematen du zinemagintzako teknologiaren eboluzioa eta kontserbazioa ikertzeko lanak egiteko. Badira bi mugarri koloretako zinemaren garapenean, hura berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik mendebaldeko herrialdeetan ulertu zen gisan hartuta: technicolor bikromiko estatubatuarraren agerraldia hogeiko urteetan eta Agfa-ren 16 mm-ko filma merkaturatzea 1936an. Azken horren deribatu bat izan Alemaniako Errepublika Demokratikoan 1964tik 1989ra bitartean ORWO izenaren pean fabrikatutakoa. Funtseko materialak: 35 mm-ko eta 16 mm-ko 74 kopia; jatorri hauetakoak: SESB (41), Alemaniako Errepublika Demokratikoa (11), Txekoslovakia (8), Polonia (6), Errumania (3), Bielorrusia (1), Hungaria (1), Kuba (1), Frantzia (1), Espainia (1).

5.1. Orwo, Ekialdeko Alemaniako kolore prozedura bat ZINEBIko Gordailuan
Santiago Aguilar, Marta López Lázaro, Izaro Cuesta (2023-2025)
ZINEBI Gordailuko Orwocolor-eko materialen kontserbaziora egindako hurbilketa bat, gordailuan halako materialak oso ugari baitira. Nonahiko Eastmancolor mendebaldarreko kopia garaikideen kolore-degradazioaren ondoan, Orwocolor-eko kopiek egonkortasun handia eta aberastasun kromatiko harrigarria ageri dituzte.
5.2. Film sail baten digitalizazioa
Orwocolor teknika erabili zuten filmen sail baten digitalizazioa, funtsean gordetako 35 mm-ko eta 16 mm-ko emanaldi-kopietatik abiatuta.
Marta López Lázaro, Muriel Holguín, Matías Fajn (2023-2024)
Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiak zinezko maitasun-harremana izan zuen Walter Heynowski-rekin eta Gerhard Scheumann-ekin. Sei urtez elkarri erabat emanda ibili ziren, antiinperialismoa, Pinocheten Txileko kolpea eta Ho-Chi-Min-en Vietnam-go garaipena benetako protagonistak izan zirela. 1976an Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuten, eta bi urte geroago aipamen berezi bat zinemaldira aurkeztutako filmen edukien eta dokumentalgintzaren eta zinegintzaren kalitate handiagatik. 1986an, haien film “txiletarrak” Latinoamérica ayer y hoy atzerabegirako zikloaren ardatz nagusia izan ziren. Berlingo Harresia erori zen urtean, lehiaketara itzuli ziren holokaustoari buruzko “apropiaziozko” dokumental baten bidez.

ZINEBI gordailuaren katalogoa da proiektuaren lehen faseko emaitza nagusia eta izozmendiaren tontorra, funtseko materialen katalogazioa. Bilaketa konbinatua egiteko aukera ematen du testu librearen eta hautapen eremu batzuen bidez. Funtsa osatzen duten tituluen fitxa laburra erakusten dute emaitzek, eta bat egiten dute prozesuan zehar irekitako ikerketa-ildoekin.
Santiago Aguilar
Irudiaren Zientzietako lizentziaduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. 1985etik 1995era bitartean dokumentalista gisa aritu zen Filmoteca Española-n, eta orduz gero elkarlanean segitu du erakunde horrekin ikertzaile gisa eta artxiboa digitalizatzeko planaren definizioan. “La Cuadrilla” taldeko kide modura, zinemako zuzendari eta gidoiari dugu, eta Azconazale aitortua. Felipe Cabrerizo-rekin lankidetzan, XX. mendeko Espainiako eta Italiako umorezko zinemari eta literaturari buruzko hainbat ikerlan egin ditu. Bere gain eta galorde, telebistarako gidoilari eta dokumentalen ekoizle izan da, eta liburu eta artikuluak argitaratu ditu espainiar zinemaren historiaren alderdi gutxi landuei buruz.
Ikasleak 2024-2025:
Andrés Martínez De La Viña, Esmeralda Esther Reynoth Flores Hernández, Ester Borràs Sabaté, Izaro Cuesta Arrizabalaga, Juan Pablo Labonia
Ikasleak 2023-2024:
Alejandro Martos, Andrea Warszatska, Claire Mullen, Hector Antonio Márquez Baca, Luis Alberto Juárez, Maria Aizpurua Ayastuy, María Victoria Moreno
Ikasleak 2022-2023:
Isaac Tejedor Martín, Kauri Ximon Jauregi Arias, Marta L. Lázaro, Matías Fajn
Erakundeak: ZINEBI, Basque Film Archive.
Proiektuaren kronologia: 2022-oraindik abian.
