Komisariotza

arrow

Komisariotza Masterrak zinema komisariotzaren espezifikotasuna definitu nahi du, etorkizun handikoa, baina epistemologia propioa identifikatu eta garatzeke dago oraindik.

Komisariotza Masterrak aukera ematen du oinarri teoriko osoa eskuratzeko, arte plastikoetatik heredatua neurri batean, baita tradizioak eta programazio eskolak ere. Korronte horiek aztertu eta kritikoki berrikusteaz gain, zinea banatzeko eta eskura izateko baldintzak eta formulak birpentsatzera behartzen du ikastaroak, inflexio-une berri (eta zalantzazko) batean zinea eskaintzeko eredu tradizionalerako; izan ere, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira streaming plataformak eta pixkanaka desagertzen ari dira zinema aretoak.

Parte hartzaile bakoitzaren irizpide eta begirada bereziak lantzeaz gain, ikastaroak proiektu zinematografikoak garatzeko tresnak ematen ditu, ideia fasetik hasi eta gauzatze faseraino.  Gainera, komisarioaren ikerketa, kritika, saiakera lana eta lan akademikoa sustatzen du espezialitateak.

Ikastaro honen ezaugarri nagusietako bat da etengabeko harreman profesionala eta irakaskuntza harremana izaten dela sortu duten erakundeekin. Ikasleek komisariotza proiektu oso desberdinetan lan egin dezakete, hala nola Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak edo Donostiako Zinemaldiak proposatutakoetan.

Pantailen geografia

Lurralde bat asmatzea, bertatik igarotzen garen bitartean. Mugarik eta eremu frankorik gabeko herrialde batean zehar bidaia egitea da Komisariotza masterra. Nolakoa izan behar du oraindik (ia) existitzen ez den lanbide baten prestakuntzak? Masterra da horren erantzun bat. Gogoeta eta kontzeptualizazio aldi bizia proposatzen du lehenengo: kontua da filosofikoki eta estetikoki armatzea, funtsezko galderak identifikatzea eta hizkuntzaren zehaztasunean trebatzea.

Lehenengo aldian, hauxe da, lehenengo bi moduluetan, bat egiten dute zinema programazioaren intuizioek eta komisariotza pentsamendu artistikoaren tradizio landuenak. Bi polo horiek elkartzetik sortzen den argi arkuak argitzen ditu hurrengo urratsak, trebetasun eta abilezia praktikoak lortzea ardatz hartuta, zinema komisarioak edo komisariotzak eskuekin egiten baititu pentsamendua eta historia; hau da, orainari forma emateko praktikan. Bigarren etapa horretan, masterrak arreta handia jartzen du idazketan (hitzekin zein irudiekin) eta programazio ariketa praktikoan, ideia ariketa gisa ulertuta, baina baita aurrekontua, kudeaketa eta komunikazioa gauzatzeari begira ere. Irakaskuntza aldiaren azken etapa urrats bat harago doa lanbidea formalizatzeko ariketa honetan, eta proposatzen du komisariotzara hurbiltzea zine ekoizpenaren benetako eragile gisa. Hau da, komisariotza kultura errealitate berrien (ikerketa, ekoizpena eta pedagogia) sortzaile gisa.

Hasierako errekuntza teoriko horretatik abiatuta, argi kono bat da masterra, eta bere irudiak eta soinuak, sortzen diren ideiak eta paradoxak, zehazten ditu orainaren gainazaletan. Pantailen geografiara bidaia.

504 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Programa Akademikoa

Aberrazioen artea. Zinemaren historiak eta estetikak

Joxean Fernández
Carlos Muguiro
Modulu: 1, 5

Zinemaren estetikari eta historiari buruzko  ikasgaia da hau, orainaren bidegurutzetik planteatua; historiaren kontzeptua bera kontakizun totalizatzaile gisa krisian egoteaz harago, benetako susmoa zabaldu da denbora diakronikoaren antolamenduari eta aurrerapenaren ideiari buruz. Zentzu espezifikoan, zinemaren historia gure garaitik kontatzeko aukerari buruz galdetzen du ikasgaiak. Eta hori egin ahal izateko nahiarekin egiten du, hau da, zinemaren historia osatzen duten historiak pluralean kontatzeko asmoarekin. Zentzu orokorragoan, denborari buruzko ikasgaia ere bada hau, besterik gabe. XXI. mendearen lehenengo bi hamarkadetan zehar, historiografia errebisionistaren hainbat korrontetatik zalantzan jarri dira tradizioz ehun urteko zinema egituratzeko balio izan duten kategoriak, dikotomia estilistikoetan (klasizismoa vs modernitatea) edo parametro teleologikoetan oinarrituak, sarritan zinematografikotik harago doazenak: azterketa kulturalak, teoria afektiboak, bitartekoen arkeologia, harreraren analisia, materialismo kulturala, ekokritika edo genero azterketak eta azterketa postkolonialak dira hurbilketa kritiko horietako batzuk. Historialariek bira terminoa txertatu dute beren lexikoan (bira afektiboa, artxiboaren bira, bira materialista), eta grafikoki agerian utzi dute zinemari aplikatu ohi zaion xede lineal eta eboluzionista birbideratzeko beharra. 

Hala ere, erresistentzia-leku lokalizatuetatik, mikrohistorian eta mendeko historietan zentratutako kolektibo eta gutxiengoetatik, narratiba alternatiboetatik eta behetik, nagusitasun akademikoaren eta unibertsitate nahikotasunaren aurkako jarrera kritikoak sortu dira aldi berean. Nola heldu, bada, zinemaren historiaren kontakizunari herentziaren arbuio automatikoan, zinismo negazionistan, begirada exogeno eta zientifistan, jakin-min falta hutsean erori gabe? Zine eskola batean, zinemaren historiaren kontakizunak zein modutan izan behar du geure memoriaren kontakizuna ere? Arbuiatzen dugun historia horren parte al gara? Alderdi horretatik, zinemaren denborari buruzko ikasgai hau zineman dugun gure denborari buruzko ikasgaia ere bada. 

Historiak teorikoki ez ezik ikuspuntu aplikatutik ere izan dezakeen aukerari heltzeko asmoz, ikasgai honek elkarrizketarako metodologia proposatzen du, saioetan zehar ahots dibergenteak baina osagarriak txertatuz. Historia paradoxiko eta askotarikoa eraiki nahi da, irekia eta errizomatikoa, batere ez lineala, karnabaleskoa eta metamorfikoa. Horren harira, Nicole Brenezek markatutako ildoari jarraituko diogu, honako hau ohartarazten baitu: "zinema etengabe ari da urratzen, bere hausturak sakontzen, etenaren eta bere bikoitzaren ahalak aldarazten, zentsura lantzen eta defekzioa lantzen uzten".

Beste zinema-kamera

Asier Armental
Ricardo Matos Cabo
Modulu: 1

XIX. mendearen amaieran sortu ziren konfigurazio ugarietako bat dira proiektagailua, argi-sorta, pantaila, ikuslea eta aretoaren antolamendu jakin bat biltzen dituena, baina haren hegemonia ez zen ez ezinbestekoa ez bakarra izan. Irudiak erregistratu, errebelatu eta proiektatzen zituzten linternek, kutxa optikoek eta gailu biraderadunek kontatu zituzten askotariko historien bidez, funtzio horiek bereiziz joan ziren pixkanaka, eta gaur egun estandartzat jotzen dugun forma hartu zuen pantailak: errektangularra, zuria, aurrez aurrekoa eta finkoa, areto ilun batean. Antolamendu hori eta hura ekarri eta zalantzan jarri zuten historiak dira mintegi honen gaiak. Ikusiko dugu proiekzio zinematografikoa nola naturalizatu den etengabe, bai eta desbideratu, desmuntatu eta berrasmatu ere, zinema zabalduaren bidez, gorputzetan, ketan, uretan, eraikinetan eta paisaietan proiektatuz eta proiekzio-kabina espazio performatibo bilakatu zuten jardunbideen bidez. Proiekzioa aldi berean gai material, ideologiko eta metafisiko gisa landuko da ikastaroan, eta aztertuko da argiaren teknologiek nola moldatzen dituzten irudiak, bai eta ikuslearen esperientzia, errituala, arkitektura eta bizipen kolektiboa ere.

Zinema komisariotzaren poetika eta politikak: zinema, praktikak eta ikuspegiak

Ricardo Matos Cabo
Modulu: 1, 3, 4

Kuradoretza eta programazioa kultura zinematografikoek, erakundeek, testuinguru politikoek eta publikoek moldatutako praktika kritiko eta kokatu gisa ikasteko sarrera bat da ikastaro hau. Eredu finko bat eskaini gabe, ikastaroan kuradoretza landuko da mugitzen diren irudiekin, soinuekin, espazioekin, erritmoekin, denborarekin eta ikusleekin pentsatzeko modu gisa, eta aztertuko da pentsamendu hori nola gauzatzen den elementuak hautatuz, elkarren ondoan jarriz, testuinguruan kokatuz eta erakutsiz. Ikasgaian erakustaldien historiak eta haiek sortutako programazio-praktikak aztertuko dira, eta arreta berezia emango zaie filmek, batak bestearekin elkarrizketan, sortzen dituzten esanahi, harreman eta elkarguneei. Ikastaroan landuko dira, halaber, kuradoretzaren praktikari eta pentsamenduari forma ematen dioten tradizioak —zinemazalea, historizista, feminista, dekoloniala, militantea, ekologikoa, besteak beste—, zeinak ez baitira nahitaez onartu beharreko posizio zurrun gisa ulertuko: zerbait irakatsiko diguten praktika eta gogoeten multzoak izango dira, zalantzan jarriko direnak, zerbait emango digutenak eta kolektiboki pentsaraziko digutenak.

Zine. Zinema banatu, ikusi eta erakusteko tresna teoriko-praktikoak

Olimpia Pont Cháfer
Lucía Salas
Arrate Velasco
Modulu: 1, 4

ZINE toma la sala de cine como objeto de estudio y práctica académica para activar una reflexión colectiva sobre la exhibición en sala. La asignatura invita al grupo de Comisariado a habitar tres pantallas de la ciudad a través de un ejercicio práctico de programación pública. Se trata de una programación situada porque el ejercicio se desarrolla en un contexto determinado, Donostia / San Sebastián, y atendiendo a las especificidades de cada sala. Además, la asignatura aborda cuestiones relacionadas con la distribución, la exhibición y la comunicación. La sala de cine se convierte, así, en un laboratorio de experimentación para la especialidad de Comisariado.

Artxibo katalogazioa, dokumentazioa eta komisariotza

Santiago Aguilar
Modulu: 2

Ikasgai honek ikus-entzunezko lanen katalogazioa lantzen du, ikuspuntu teoriko-praktikotik begiratuta, bai eta harekin loturiko prozesu dokumentalak ere. Non aurkitu informazio fidagarria? Nola egin aurre eskubideen kudeaketari? Obra kontzeptu bateratuak zergatik galtzen du lekua bertsio eta adierazpen kontzeptuen aldean? XIX. mendearen amaiera aldera zinemagintza asmatu zenetik, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran bideoa agertu zen arte, ikus-entzunezko ekoizpen osoa euskarri fotokimikoaren gainean egiten zen. Formatu horretan bertan garatu zen ekoizpen horren banaketa eta kontserbazioa. Aldaketa teknologikoen ondorioz, materialak suntsitu egiten dira beti, edo material horiek erreproduzitu eta kontserbatzeko gailuak zaharkituta gelditzen direnean, material horiek ezin dira gehiago erabili. Ikuspuntu horretatik begiratuta, estandar berriak definitzean erronkak sortzen dira kontserbazioaren aldetik, eta aldi berean, dokumentazio eta katalogazio prozesuak erraztu egiten dira. Ikasgai honen alderdi praktikoan, obrak eta haien estandar eta estandar azpiko bertsioak identifikatu eta sailkatu beharko dira. Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Sorkuntza espezialitateentzako.

Komisariotza guneak

Ane Rodriguez Armendáriz
Modulu: 2, 4, 5

Ikasgai honek zinemaren dimentsio espazialak, sozialak eta instituzionalak aztertzen ditu, eta aztertzen du, halaber, mugitzen diren irudiak nola moldatzen dituzten irudi horiek erakusten, zirkulatzen eta esperimentatzen diren inguruneek —eta irudiek ere modu aktiboan moldatzen dituzte inguruneak—. Zinema, arkitektura- edo antzerki-espazio gisa ez ezik, espazio sozial, politiko eta kuratorial gisa ere hartzen du, testuinguru historikoekiko eta publikoekiko sentikorra baita.

XX. mendearen hasieran zinema forma sozial gisa agertu zenetik abiatuta, ikasturte honetan zinemaren garapena erakutsiko da hainbat testuingururen bidez: zinema ibiltariekin eta proiekzio komunitarioekin hasi eta galerietako eta nazioarteko jaialdietako instalazioekin bukatuta. Ikasleak zinemaren historia, praktika eta geografia pluraletara hurbilduko dira, espazio formalak eta informalak, fisikoak eta digitalak, tokikoak eta nazioz gaindikoak hartuz.

Kultura digitalaren kartografia


Modulu: 4

Ikasgaiaren helburua da ikasleei esparru teoriko-kritiko eta sistemiko bat eskaintzea, egungo ikus-entzunezko ekosistema mediatikoa osotasun konektatu gisa ulertzeko. Ikasleak sorkuntza artistikoaren, entretenimendu-industriaren eta sare sozialen dinamiken arteko tentsioak identifikatzen ikasiko du, eta eremu digitalera hedatuko du kuradoretza-lana, ikus-entzunezko fluxuei zentzua eta testuingurua emateko gai den bitartekaritza estrategiko gisa.

Ikerketaren artxiboa eta metodologiak


Modulu: 1

Ikasgai honek aukera ematen du EQZEko Komisariotza eta Artxiboa graduondoko ikasleek beren rola (ikerketa eta komisariotza) beren gain hartzeko, film- eta ikus-entzunezko artxiboarekin lotutako praktiken esplorazio gisa, zinemaren hiru denborak kontuan hartuta, betiere inbrikatuak baitaude: iragana, memoriarekin lotzen dena; oraina, ekintzarekin lotzen dena; etorkizuna, proiekzioarekin lotzen dena. Ikasgai honen helburua da artxibo-funtsetan oinarritutako ikerketa akademikoari eta kuratorialari ekiteko beharrezkoak diren tresna teoriko, metodologiko eta praktikoak ematea ikasleei.  Ikasgai hau komuna da Artxiboa eta Komisariotza espezialitateentzako.

Ikus-entzunezko bildumak kudeatzea

Silvia Casagrande
Modulu: 5

Fitxategiak identitate-ezaugarriengatik dira ezberdinak, eta daukaten testuinguruagatik, zeinak bildumen kudeaketan ezinbesteko eragina baitu. Ikasgai honetan gaur egungo ikus-entzunezko fitxategiek dauzkaten aldagaiak aztertuko dira, baita aplikatzen diren metodologiak ere. Material-estandarrei eta haren kudeaketaren inguruko eztabaidei  buruz hitz egingo da: materiala nola mantendu eta manipulatu behar den, erakusteko eskubideak nola kudeatu eta pelikulak nola eskuratu erakunde bakoitzaren berezitasunak eta aukerak aintzat hartuta. Ikastaroaren helburua da ikasleek zenbait kontzeptu garrantzitsu jasotzea, artxiboen munduko hainbat egoeratara egokitu ahal izateko eta bilduma baten kudeaketa-plan estrategiko bat antolatu eta aktibatu ahal izateko. Ikasgai hau komuna da Artxibo eta Komisariotzako espezialitateentzako.

Jatorrizko emultsioen artea

Esther Urlus
Modulu: 4

Emultsio fotokimiko artisauen produkzioa ezagutzen hasteko proposamena egiten da tailerrean. Arkeologia filmikoa da tailerraren abiapuntu, baina sorkuntzarekin lotutako alderdi garaikide ugari agerian uzten ditu. Materialtasunaren historian interesa dutenentzako tailerra da, baina zinema ideiak, irudiak eta soinu banda biltegiratzeko bitartekotzat ez ezik, pentsamendu, irudi eta soinu horiek sortzen eta modu aktiboan desitxuratzen dituen materialtzat ere hartzen duten zinemagileei ere zuzentzen zaie.

Zinebotanika

Cristina Neira
Modulu: 4

Pelikula botaniko bat egitea, batez ere, pazientzia eta maitasun lana da. Kamerarik gabeko zinemaren metodoak eta lorezain amateurraren trikimailu batzuk abiapuntutzat hartuta, film herbario kolektibo bat sortuko da, aleak biltzetik proiekziora arte.

Ikasgai hau filmak egiteko metodo alternatiboak aztertzeko gogoa duten pertsonei zuzenduta dago, edozein dela ere haien prestakuntza. Zinebotanikak, azken batean, proposamen irisgarriak dira, euskarri filmikoko materialak eta tresnak berrerabiltzeko aukera ematen dutenak, beti naturaren beraren esku dagoen pieza bat sortzeko.

Abiapuntuak

Michel Gaztambide
Modulu: 1, 3

Ikasgai honen helburua ikasleak beren filmaren izaerarekin eta abordatze-metodologiarekin aurrez aurre jartzea da. Nondik dator zure filma? Zertaz ari da? Zer emozio eragin nahi du? Irudietan konta daiteke? Nola nahi du egileak ikuslea sentiaraztea obra ikustean? Gai horietatik eta beste batzuetatik abiatuta, pelikula bat egiteko gogoeta- eta garapen-prozesuei ekin nahi zaie. Ikastaroak, funtsean, hiru lan-ildo ditu: filmaren abiapuntu edo jatorriarekin lan egitea, sormen-bidaiaren muina gisa; bidaia hori zabaltzea, filmari konplexutasuna eta sakontasuna eransteko gai diren estimulu zehatzetatik abiatuta; eta proiektua idazketatik lantzea.

Soinuaren behatokia

Xabier Erkizia
Modulu: 3

Behatokia  soinuarekin lotutako prestakuntzako, praktikarako eta ikerketarako gunea da. Entzumenaren zero gradutik abiatzen da zinema mutuaren existentzia ukatu eta teknologiaren inpaktua, keinuen eta eguneroko objektuen soinu-diseinua, irrati-artea, soinu-etnografia, Sound Art... aztertzeko. Gaitegi finko bat izateaz gain, taldekideen eta unean uneko premietara egokitzen da; horregatik, praktikarekin eta egiten ari diren proiektuekin lotuta egoten da. 

Bideo-saiakera eta historiaren berridazketak

Cristina Álvarez López
Adrian Martin
Modulu: 3, 5

Zinemaren historia eta zinema-kritika sormen-prozesuan eta berridazketa-prozesu kritikoan inplikatutako diziplinak dira beti. Zinemagileek eta kritikariek ez dute ezerezetik sortzen —beren lana, kontzienteki edo inkontzienteki, aldez aurreko adierazpen artistikoei emandako erantzuna da—. Azken urteotan, berridazketa kritiko horren adibide nabarmen bihurtu da ikus-entzunezko saiakera. Ikasgai honetan, erlazioak ezarriko ditugu ikus-entzunezko saiakeraren forma desberdinen eta zinemaren eta kritikaren historiako aldi, joera eta ideia desberdinen artean. Ikasgai honetan ariketa praktiko bat ere egingo da. 

Hitza pizten: idazketa poetikoaren tailerra

Mar González
Modulu: 3, 5

Hitzak higatuta daude, erabilera inkontzientearen pisuaren azpian hondoratuak. Noraezean dabiltza, hara eta hona, axolagabekeriaz erabiltzearen eta ikasitako inertzien ondorioz. Horregatik, hitz lehorren zalaparta itzali hori piztera gonbidatzen du klase honek. Axolagabekeriatik erreskatatu nahi ditu, banan-banan ireki eta testuan kokatu. Baina, horretarako, hizkuntzaren artisautza landu behar da. Kontua ez da inspirazioa iritsi arte itxarotea, asko idaztea eta gehiago irakurtzea baizik. Jeinua, musa, pneuma edo iratxoa, Lorcak esango lukeen "denek sentitzen duten eta inongo filosofok azaltzen ez duen ahalmen misteriotsu hori", ezin da irakatsi eta ez du jarraibideen eskulibururik. Baina, hala ere, "obeditu egiten du, goseak bezala, digestioak bezala, logaleak bezala", esan zuen Baudelairek. Horregatik, hartarako bide bakarra lana da, prozesua, praktika: teknikan murgiltzea, iristen denean lur emankorra aurki dezan. 

Hitza piztea, beraz, zentzumen irekiez behatzea da, hitz zehatza, perpaus zehatza, beharrezko irudia bilatzea. Funtsean, idazketa-tailerra da, emozioa sortzeko piztutako hitzetik abiatuko dena. 

OUCIPO edo Zinema Potentzialaren Tailerra

Oskar Alegria
Modulu: 3

Bost zinema-saio, ausaz, poesiaz eta misterioz jositako jolas gisa; izenik gabeko zinema-saioak eta kanpoaldera eginiko irteerak, eta, ordubeteko autobus-bidaia batean, hondar-hilerri baten bisita eta harrizko eguraldi-mapa zaharrena lotzea, edo gaua harrapatzeko pentsaturiko tenplu batean ixtea. Barnealdea, beti gauez. Zinema modu pertsonalean eta pertsonalizatuan bizitzea, haren arauak kontuan izanik, batik bat desobeditzeko. George Perecek eta haren aliatuek egiten zuten moduan, mugak hartu eta askatasun bilakatu, batez ere Duchat izeneko katu ilun haren begirada gidari zutela, zeina sorbaldara igotzen baitzitzaien beti, erretratuetan miauka agertzeko.

EQZELab. Film-laborategi profesionala

Yolanda Cáceres
Modulu: 5

Film fotokimikoaren prozesamenduarekin lotutako ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko prozesuaren azken etapa. Batetik, laborategi profesional bateko tekniketan eta lan-fluxuetan murgiltzea bilatzen du irakasgaiak, errebelatzeko (kolorea eta 16 mm-ko zuri-beltza), kolorea zuzentzeko eta kopiatzeko teknologia espezifikoaren maneiu praktikoan oinarrituta. Trebetasun praktiko horiek eskuratzeak kultura eta industria zinematografikoaren belaunaldiarteko ezagutzari eustea dakar, bestela ahaztu egingo bailitzateke. Bestetik, ikastaroan parte hartzen duten ikasleek Eskolan egindako film-materialak prozesatu ahal izango dituzte, EQZELaben zerbitzua aktibo mantenduz.

Adimen artifizialaren erabilerak zinema garaikidean

Jorge Caballero
Anna Giralt Gris
Modulu: 4

Adimen artifiziala zinema garaikidean sartzeak ez dio eragiten irudiak sortzeko prozesuari bakarrik; aitzitik, artxiboak irakurtzeko, sailkatzeko eta berrantolatzeko tresna ere bada, baita sintesi-bitarteko bat ere, irudiak, soinuak eta testura onargarriak indize-aztarnarik gabe sortzeko. Tailerrak zinema dokumentalean eta ez-fikzioan oinarritutako prestakuntza aplikatua eta kritikoa proposatzen du. Ildo horretan, arreta berezia jartzen die artxiboari, ebidentziari eta gardentasunari, eta eztabaidatzen du nola eutsi balioei, grabatutakoa, eraldatutakoa eta fabrikatutakoa bereizezin bihurtzen direnean. Konbinaturik eskainiko dira alfabetizazio teknikoa, sinesgarritasunari eusteko esparru metodologiko bat eta egungo tresnekin egiteko ariketa praktikoak.

Complex media artelanen interpretazioa eta zaintza

Mona Jiménez
Modulu: 3

Kasu azterketaren formatua baliatuz, ikastaro honek ikasleak eta artelan garaikide konplexuak batuko ditu, multimedia artearen arazo nagusiak eta kontserbazio estrategia sortu berriak ulertzeko. Artistek askotariko ikus-entzunezko formatuak eta teknologiak erabiltzen dituzte, ikertzeko zirraragarriak. Adibidez, osagai zaharkituak, hala nola telebistak (izpi katodikoen hodiak) erabiltzen dituzten artelanetatik kanal anitzeko obra sinkronizatuetara, joko motorrak edo neurrira egindako kodeak dituzten obrak, edo Internetetik datuak ateratzen dituztenak. Artelan horiek elkarren artean lotutako zati asko izan ohi dituzte, eta horiek deszifratu eta dokumentatu egin behar dira obrak etorkizunean artistaren ikuspegiarekiko leial funtziona dezala bermatzeko. 

Ikasgaiak ikuspuntu kuratorialak eta kontserbaziokoak uztartzen ditu, arte garaikidearen tokiko museo bateko bildumako artelanak aztertuz. Ikasleek erakusketen historiak ikertzen dituzte, erakundeen artxiboak kontsultatzen dituzte, artelan baten osagaiak aztertzen dituzte eta obrei buruz eztabaidatzen dute museoko langileekin. Prozesuan, asko ikasiko dute museo eta artxiboetako artelanen interpretazio, zaintza eta kontserbazioari buruz. 

Master Amaierako Lana

Elías Querejeta Zine Eskola proiektuak garatzeko eskola ere bada: hiru espezialitateetako ikasleek amaierako ibilbide edo proiektu bat egin behar dute, dela norberaren ekimenez sortutakoa, dela eskolako Ikerkuntza Departamentuak lantzen dituen ikerketa ildoetako batetik sortutakoa. Proiektu guztiek tutore bat izaten dute, azken aurkezpena egin arte laguntzen duena.

Artxiboa arloko ikasleen amaierako lanen edo proiektuen tipologia honako hau da:

  • Ikerkuntza proiektua 
  • Argitalpena (lan akademikoa, saiakera) 
  • Kontserbazio eta zaintza lana
  • Digitalizazio eta zaharberritze lana 
  • Sorkuntza lana (filma, film-saiakera, instalazioa)
514 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Praktika Profesionalak

Komisariotza arloko ikasleek ikasturtean zehar gutxienez 100 orduko praktikak egin ahal izango dituzte hainbat erakundetan, proiektua babesten duten erakundeetan hasita (Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa) eta EQZEk lankidetza-akordioak dituen beste erakunde batzuetara zabalduz.

Bestetik, ikasle batek bere bitartekoen bidez kanpoko erakunde batean praktikak egiteko onespena jasotzen badu, hiru aldeen arteko hitzarmen baten bidez formalizatu ahal izango dira, betiere harrera-erakundeak unibertsitateko araudia errespetatzen badu eta praktikak ezarritako epealdien barruan egiten badira.

Erakunde horien artean honako hauek daude:

  • Artium Museoa 
  • Cine Cauce 
  • Courtisane Festival 
  • FIDMarseille 
  • Filmoteca Española 
  • Light Cone 
  • Punto de Vista 
  • Xcèntric (CCCB)
518 /  / Elías Querejeta Zine Eskola

Ikaslearen Profila

Komisariotzako Masterra honako hauei zuzenduta dago: zinema eta ikus-entzunezko profesionalak, historialariak, programatzaileak, jaialdi, ziklo eta zinema-programen antolatzaileak; kritikari eta saiakeragileak, zinema, arte ederrak, artearen historia eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak; artistak eta ikertzaileak.

Programa akademikoa eratuta dago, bai goi mailako unibertsitate titulu bat (lizentzia edo gradua) duten edo hura lortzeko prozesuan dauden ikasleentzat, bai zinema eskolaren batean egresatu diren ikasleentzat. Salbuespen gisa, aurrebaldintza horiek bete gabe zinema esperientzia egiaztatua duten hautagaien kasu partikularrak aztertuko ditu zentroak.

EQZEko Komisariotza Masterreko ikasleek honako inguruneetan aritzeko gaitasuna lortuko dute:

  • Ikerketa zentroak
  • Argitaletxeak eta aldizkari espezializatuak
  • Online programazio espazioak eta plataformak
  • Zinema jaialdiak eta lehiaketak
  • Museoak, galeriak eta arte zentroak
  • Ekoiztetxeak eta banatzaileak

Elías Querejeta Zine Eskolako ibilbidea esperientzia eraldatzaile gisa artikulatzen da ikasleen ibilbide pertsonal zein profesionalean

Juan Pablo Labonia, 2024-2025 promozioko Komisariotza Masterreko ikaslea da. Joan den ikasturtean, master honetako ikasle taldeak ZINEMA GOXOA zinema-zikloa antolatu zuen.

Fabio Quintero 2024-2025 promozioko Komisariotza Masterreko ikaslea da. Bere proiektuak, "Inventario de ausencias" izenburuko erakusketak, Kubako zinema amateurreko filmak eta materialak biltzen ditu.

Sara Médiouni 2024-2025 promozioko Komisariotza Masterreko ikaslea da. Bere proiektuak, "Un retrato imaginario de Touria Hassan" izenekoak, Marokoko lehen emakume-aktoreetako baten historia berreraikitzea du helburu.

Komisariotza Zinematografikoan Masterra

Zuzendari akademikoa:
Carlos Muguiro

Koordinatzailea:
Ricardo Matos Cabo

Iraupena:
15 hilabete (iraila 2026-abendua 2027)

Karga akademikoa:
450 ordu + 100 orduko praktika profesionalak

ECTS kreditu kopurua:
60 kreditu

Ikasle kopurua:
15

Hizkuntza:
gaztelania eta ingelesa

Prezioa:
5.200 euro

hCaptcha

ARDURADUNA
Elias Querejeta Zine Eskola

HELBURUA
Web atariko harremanetarako formularioaren bidez edo harremanetarako beste bitarteko batzuen bidez (posta elektronikoa edo telefonoa) egindako edozein motatako eskaerak edo eskaerak kudeatzea.

LEGITIMAZIOA
Interesdunaren beraren baimena.

HARTZAILEAK
Ez zaie daturik lagako hirugarrenei, legezko errekerimenduetan izan ezik.

NAZIOARTEKO TRANSFERENTZIAK
Datuak ez dira inoiz Europako Ekonomia Erkidegotik kanpo aterako.

ESKUBIDEAK
Honako eskubide hauek dituzu:

  • Datuak eskuratzeko.
  • Zuzentzeko.
  • Aurka egiteko.
  • Ezabatzeko edo ahazteko eskubidea.
  • Tratamendua  mugatzeko.
  • Informatzeko.
  • Datuak eramateko.
  • Erabaki indibidual automatizatuen xede izateari uko egiteko.

INFORMAZIO GEHIGARRIA
Informazio gehigarria edo zehatza eska dezakezu hemen:
Elias Querejeta Zine Eskola
Tabakalera · Andre zigarrogileak plaza, 1 - 20012 Donostia / San Sebastián
T. (+34) 943 545 005
E. info@zine-eskola.eus

This form is protected by hCaptcha and its Privacy Policy and Terms of Service apply.