Proyectos de investigación /

C3

Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak

Narratiba eta eredu autoritarioen aurkako (kolonialak, estatukoak, kapitalistak, patriarkalak, etab.) zinema baten artxiboak zaindu, zaharberritu eta zirkulatzeko konpromisoa hartzen duen ikerketa-proiektua. Zinema honek bizi irauteko borrokatu du, eta oraindik ere nagusi diren istorioen bazterretan borrokatzen ari da.

Proiektuaren izenburuak, C3M (Uruguai, 1969-1972) Hirugarren Munduko Zinemateka iragankorrari egiten dio erreferentzia, film politikoak — askotan klandestinoa — ekoizteko eta banatzeko sortua. Baita Cinema 3 Marokoko aldizkariari ere, hizkuntza zinematografikoaren berrasmaketarekin konprometitua eta 1970ean 4 zenbakiren ondoren debekatu zena. Amaitu gabe geratu ziren film asko eta berehala bertan behera geratu ziren beste saiakera batzuk bezala (batez ere edizioaren, formakuntzaren eta zinefiliaren esparruan), zinema eta pentsamendu berri, transnazional, pertsonal eta erradikal baten aldeko proiektu horiek bortizki talka egin zuten ikuspegi politiko ofizial sinplifikatzaile eta batzuetan suntsitzaileekin.

Beraz, zineman bizi diren narratiba anitzak beraien hutsuneetan, zaurietan eta absentzietan jaso, inbentariatu, dokumentatu eta zaindu behar ditugu. Historiaren pisu zapaltzailetik askatuz, bizitzetan, ahotsetan eta aztarnetan oinarritutako ikuspegi zatikatuaren alde egin behar dugu.

Proiektua hainbat ikerketa-ildotan eta jarduteko modutan oinarritzen da: 60ko eta 70eko hamarkadetako zinema kritiko eta dekolonial baten esparruko kritikarien eta zinemagileen artxiboen tratamendua (Ferid Boughedir, Monique eta Guy Hennebelle, Mouny Berrah); 60ko hamarkadaren erdialdeko Aljerko Zinema Institutu efimeroaren aztarnak eta haren film galduak; 1981ean Marokoko Berrechid ospitale psikiatrikoan esperimentu artistiko batetik abiatuta aurkitutako film mutuen etorkizuna berregitea eta asmatzea; 60 eta 70eko hamarkadetako zinema transnazional eta erradikalari buruzko aldizkarien bilduma bat aztertzea (Asia, Afrika, Latinoamerika), edo Ahmed Bouanani zinemagile eta idazleak Rabaten zituen artxiboak.

Proiektuaren helburuak honakoak dira:

  1. Aztarnak ez hierarkizatzea: 16 mm-ko garaiko kamera bat, VHS bat, fotokopiatutako prentsa-artikuluak edo jasotako hitz bat gure ikerketan jatorrizko negatiboak bezain baliagarriak izango dira.
  2. Diziplina baten keinuak mugatzeari edo zatitzeari uztea (dela sorkuntza, banaketa edo kontserbazioa), filmen zirkulazioa ahalbidetzeko metodo berrietan pentsatzea (ikerketarekin lotutako lekuetara bidaiatzen duten programen bidez).
  3. Zinemagile horiek zeramatzaten iraultza-ametsak eta desio zinematografikoak berrezartzea eta berraktibatzea, eta zinema hauskor horietarako etorkizun bat kolektiboki irudikatzea, artxibo-leku edo ekintza-plataforma baten forman (leku fisikoa, digitala, editoriala edo bestelakoa).

Ikerketa-proiektu honekin, lerrokatu gabeko zinema-artxiboak astintzeko tresna, metodologia, aliantza eta ekintza posibleetan pentsatzen saiatuko gara.

Fitxa teknikoa

Ikertzaile nagusia:
Léa Morin

Ikasleak 2023-2024:
Ana Júlia Silvino, Jan Baeta Salvany, Juliana Arana Toscano, Matteo Giampetruzzi, Nicholas Nahuel Turchi

Ikasleak 2022-2023:
Deva Pereda Areizaga, Laura Alhach, Mariana Torres, Paul Bonnarme

Kronologia:
2022-Aribidean