Pieza zinetikoak eta abangoardia eskopikoak

Ikerketa-proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bidegileak ikus-entzunezko ondare bilduma du aztergai. Bildumako objektuen artean, alde batetik, zinematografoaren asmakuntzaren aurreko irudi-bandak, irudi-diskoak, Kinora-biribilkiak, bista zeharrargiak eta linterna magiko-plakak daude. Bestetik, formatu eta kolore-sistema ezberdinetako filme primitiboak ere badira. Aipatutako objektu zinetikoez gain, bildumak 3D goiztiarreko bista estereoskopikoak eta anaglifoak, eta baita kaleidoskopio eta kromatoskopio bidezko abstrakzio geometrikoak ere agertzen ditu, besteren artean.

Bidegileak bilduma Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan eta Euskadiko Filmategian kontserbatzen da. Bildumaren balio historiko eta estetikoa bere piezen aitzindaritasunetan datza, eta forma bisual eta zinematografikoen garapenean egindako ekarpen zientifiko eta artistikoan.

<i>Inauguration de l’Institut Marey</i> (Étienne-Jules Marey, 1902). Negatibo zatia (90 mm, nitratoa) bi beirazko plaken artean.
Inauguration de l’Institut Marey (Étienne-Jules Marey, 1902). Negatibo zatia (90 mm, nitratoa) bi beirazko plaken artean.

Lehen mailako iturrien analisi eta hausnarketan eta bildumako objektuekin izandako esperientzian oinarrituta, proiektuak bildumako piezen azterketarekin, kontserbazioarekin eta aurkezpenarekin lotutako jarduerak jorratzen ditu. Zeregin hauek hiru ekintza-ildo nagusitan antolatzen dira:

  1. Bildumako objektuen kontserbazioa eta Euskadiko Filmategian biltegiratutako piezen egokitzapena.
  2. Materialen digitalizazioa eta/edo hauetan oinarrituriko ikus-entzunezko lan berrien sorkuntza.
  3. Objektuak ikusgai jartzeko formula garaikideen kontzeptualizazio eta diseinua.

  1. Mugarria 2022-2023

    Bildumako objektuen iruditegi digital baten sorkuntza.

  2. Mugarria 2022-2023

    [Rose, bleu, vert, muet] (35 mm, nitratoa, tindatua, circa 1915) filmearen berreskurapen eta digitalizazioa.

  3. Mugarria 2023-2024

    Bildumako objektuen iruditegi digital baten sorkuntza.

  4. Mugarria 2023-2024

    Biarritz y sus alrededores (1922) filmearen berreskurapen, digitalizazio eta erakusketa.

  5. Mugarria 2023-2024

    Proiektuaren esparruan eratutako irudiekin bideoen sorkuntza.

  6. Curso 2024-2025

    Proiektuaren esparruan eratutako irudiekin bideoen sorkuntza.

  7. Curso 2024-2025

    Proiektuaren esparruan eratutako irudiekin bideoen sorkuntza.

Bidegileak bilduma, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumen parte izan aurretik, Lapurdiko Azoulay-Dolhagaray familia bildumagilearen altxor izan zen. Bildumak XIX. eta XX. mendeetako ikus-entzunezko ondare objektu sorta zabal eta anitza aurkezten du.

Proiektu honek Euskadiko Filmategian biltegiratutako materialen egokitzapena jorratu du. Guztira 238 unitateren egokitzapen lanak burutu dira: 90 mm-ko filme zati 1; 35 mm-ko 11 filme; 28 mm-ko filme 1; 18 Pathéorama filme eta kutxa 1; 9,5 mm-ko 19 filme; 17 Kinora-biribilki; 24 irudi-disko; 57 irudi-banda; 2 folioskopio; irudi-bandadun jostailu 1; 5 mugimenduzko irudi-banda; 33 mugimenduzko irudi-unitate; 2 anaglifo album eta 2 3D betaurreko pare; 29 bista estereoskopiko eta kutxa 1; estereografoskopio 1 eta bisore estereoskopiko 1; markodun irudi lentikular unitate 1; abaniko formako bisore 1; Kinora 1; 3 kaleidoskopio; praxinoskopio 1 eta kutxa 1; 2 zootropo; Pathéorama bisore 1 eta kutxa 1.

Piezen egokitzapen lanak burutu ondoren, irudi digitalen sorkuntza lanekin jarraitu da. Materialen hautaketa kontserbazio eta balio historiko-artistikoaren irizpideek gidatu dute, baita komisariotza eta sormen arrazoiek ere. Objektu bakoitzaren berezitasunak lan-fluxu desberdinak bideratu ditu: anaglifoen eta irudi-diskoen kasuetan, adibidez, objektu lauak eskaneatu ostean, irudi digitalak prozesatu eta landu dira; Kinora-biribilkien eta beste objektu batzuen kasuan, gailu espezifikoak aktibatu dira eta ekipamendu egokitua erabiliz irudi eta soinuen grabaketa digitala burutu da. Gorpuztutako irudi eta soinuetatik abiatuta hurrengo atalean aurkezten diren bideoak sortu dira.

Euskadiko Filmategian gordetako piezekin lan egiteaz gain, Photomuseum Argazki eta Zinema Museora bisitak egin dira, museoan eta ikusgai dauden Bidegileak bildumako piezen aukeraketa bat ezagutzeko eta horietatik abiatuta irudi berriak sortzeko.

Proiektuaren esparruan sortutako bildumako piezen irudi mugikorren aukeraketa bat erakusten da jarraian.

Tentaldiaren argia. Bildumako objektuetatik abiatutako erotismoari buruzko bideoprograma.
XIX. mendeko kromatoskopioa.
Kalos Eidos Scopos. XIX. mendeko kaleidoskopioa.
XIX. mendeko fenakistoskopiorako irudi-diskoa.
XIX. mendeko zootroporako irudi-diskoa.
Ziba liluragarria (ca. 1880). 1872ko Parisko Munduko Erakusketan zilarrezko domina irabazi zuen objektua.
Kinora, ca. 1915.
Suzanne Lumière (ca. 1900). Suzanne Lumièreren, Louis Lumièreren alabaren, irudiak dituzten bi Kinora-biribilki identifikatu dira (ca.1900).
La Puce folioskopioa, Léon Beaulieuk ekoiztua, ca. 1896-1900. Georges Méliès artistari egotzitako irudi-edukia.
Megaletoskopioa (Carlo Ponti, ca. 1870).
XIX. mendeko marrazki anamorfikoa (Telory) eta ispilu zilindrikoa.
XX. mendeko ziba mekanikoa.

Irudi hauen aukeraketa bat Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan erakutsi da 2024ko abendutik 2025eko ekainera. Bestalde, irudiak instalazio eta erakusketa publikoan aurkeztuak izan dira EQZEn 2024ko abenduan.

Bildumako objektuen aukeraketa baten instalazioa eta erakusketa publikoa, eta ikerketa-proiektuaren esparruan sortutako irudien proiekzioa. Instalazioaren diseinua eta muntaketa Ana Karina de Fátima Barandiarán Urday eta Maddi Lopez de Arkauteren eskutik.
Bildumako objektuen aukeraketa baten instalazioa eta erakusketa publikoa, eta ikerketa-proiektuaren esparruan sortutako irudien proiekzioa. Instalazioaren diseinua eta muntaketa Ana Karina de Fátima Barandiarán Urday eta Maddi Lopez de Arkauteren eskutik.

<i>Biarritz y sus alrededores</i> filmearen fotogramak.
Biarritz y sus alrededores filmearen fotogramak.

Biarritz y sus alrededores (Compagnie Universelle Cinématographique, 1922) filme mutuaren berreskurapen, ikerketa eta digitalizazioa. Andaluziako Filmategiaren 35 mm-ko nitratozko kopia tindatu batetik abiatu da lana. Elementuaren ikuskapena, prestaketa eta eskaneatzea Espainiako Filmategiaren Kontserbazio eta Zaharberritze Zentroan burutu da. Irudi digitalen prozesamendua eta tratamendua 2deon eta EQZEn aurrera eraman da.

Andaluziako Filmategiarekin eta Espainiako Filmategiarekin garatutako lankidetza proiektua. Parte-hartzaileak: Filmoteca de Andalucía eta Filmoteca Españolako lan-taldeak, Paula García Castro, Luis Alberto Juárez, Maddi Lopez de Arkaute.

Digitalización del film

Biarritz y sus alrededores (1922) lanaren erreprodukzio digitala Flores en la sombra Filmoteca Españolaren plataforman online argitaratzearekin batera, "Sales de plata y sangre de buey" (Maddi Lopez de Arkaute) testua argitaratu zen.

Maddi Lopez de Arkaute

Artearen Historian lizentziaduna da (Euskal Herriko Unibertsitatea), Ikus-entzunezko Ondarean masterra du (Madrilgo Complutense Unibertsitatea) eta ikus-entzunezko materialen kontserbazioan espezialista da (The L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation, George Eastman Museum, Rochester, New York). Arte moderno eta garaikide museo eta filmategi ezberdinetan trebatu izan da, besteren artean, Anthology Film Archives, Filmoteca Española, Collezione Peggy Guggenheim eta MoMA museoetan. 2022 urteaz geroztik Elías Querejeta Zine Eskolako tutorea da.