Proyectos de investigación /
C3
Lerrokatu gabeko zinema-artxiboak
Proiektuaren izenburuak, C3M (Uruguai, 1969-1972) Hirugarren Munduko Zinemateka iragankorrari egiten dio erreferentzia, baita Cinema 3 Marokoko aldizkariari ere, 1970ean 4 zenbakiren ondoren debekatu zena. Amaitu gabe geratu ziren film asko eta berehala bertan behera geratu ziren beste saiakera batzuk bezala (batez ere edizioaren, formakuntzaren eta zinefiliaren esparruan), zinema eta pentsamendu berri, transnazional, pertsonal eta erradikal baten aldeko proiektu horiek bortizki talka egin zuten ikuspegi politiko ofizial sinplifikatzaile eta batzuetan suntsitzaileekin.
Beraz, zineman bizi diren narratiba anitzak beraien hutsuneetan, zaurietan eta absentzietan jaso, inbentariatu, dokumentatu eta zaindu behar ditugu. Historiaren pisu zapaltzailetik askatuz, bizitzetan, ahotsetan eta aztarnetan oinarritutako ikuspegi zatikatuaren alde egin behar dugu.
Zenbait ikerketa-lerro eta ekintza-modutan oinarritzen da proiektua: joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan presazko zinema dekolonial batean parte hartu zuten zinemagileen eta kritikarien artxiboekin lan egitea; nazioz gaindiko zinemari buruzko aldizkarien bilduma bat (joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan Asian, Afrikan eta Latinoamerikan argitaratuak) aztertzea; eta Ahmed Bouanani zinemagile eta idazlearen artxiboak (Rabat) ikertzea.
Proiektuak honako hauek landuko ditu:
- Aztarnak ez hierarkizatzea: 16 mm-ko garaiko kamera bat, VHS bat, fotokopiatutako prentsa-artikuluak edo dokumentatutako hitz bat gure ikerketan jatorrizko negatiboak bezain baliozkoak izango dira.
- Diziplina baten keinuak (sorkuntza, banaketa edo kontserbazioa) mugatzeari edo konpartimentatzeari uztea, filmen zirkulazio-metodo berrietan pentsatzeko aukera izateko (ikerketarekin lotutako lekuetara bidaiatzen duten programen bidez).
- Zinegile horiek zeramaten zinema-nahia eta iraultza-ametsak berrezartzea eta suspertzea, eta modu kolektiboan irudikatzea etorkizun bat zinema hauskor hauentzat, artxibo-leku edo ekintza-plataforma baten forman (dela leku fisiko, digital, editorial edo beste mota batekoa).
Ikerketa-proiektu honekin, lerrokatu gabeko artxibo zinematografikoen mugimendu baterako tresna, metodologia, aliantza eta ekintza posibleetan pentsatzen saiatuko gara.
Fitxa teknikoa
Ikertzaile nagusia:
Léa Morin
Ikasleak 2024-2025:
José Emilio González Calvillo, Natalia Orasanin, Sara Médiouni Haidur, Stephanie De Marchi Ricci
Ikasleak 2023-2024:
Ana Júlia Silvino, Jan Baeta Salvany, Juliana Arana Toscano, Matteo Giampetruzzi, Nicholas Nahuel Turchi
Ikasleak 2022-2023:
Deva Pereda Areizaga, Laura Alhach, Mariana Torres, Paul Bonnarme
Kronologia:
2022 - aribidean