Proyectos de investigación /
Bigarren eskukoa
Berrerabilera eta desbideratzeak zinemagintza iberoamerikarrean
Bigarren eskukoa proiektuaren helburua da hirugarrenen materialak berrerabiltzen dituzten eta, diskurtso kritikoa eraikitzeko asmoz, birmuntaketarekin, collagearekin eta sabotajearekin esperimentatzen duten filmak ikertzea eta berreskuratzea. Eremu iberoamerikarrean egindako lan goiztiarrak hartzen ditu barnean.
Ikus-entzunezko edukiaren zaintza eta komisariotza lotzen ditu proiektuak, lan-ildoen bidez, eta, aldi berean, oso eskura ez dauden edo zaindu behar diren ikus-entzunezko lanak aurkitu, identifikatu, digitalizatu eta leheneratu nahi ditu, baita ikuspegi historiko, tekniko eta estetikotik aztertu ere. Materialen eskuragarritasuna eta zirkulazioa bermatzea da helburua, eta testuinguru egokian kokatzea, eztabaida kritikoak aktibatzeko gaur egun.
2021-2022: José Ernesto Díaz-Noriega
2021-2022an, Jose Ernesto Diaz-Noriega zinemagile amateur galegoaren filmen bilduman jarri zuen arreta proiektuak. Corpus horri esker, “zinema berrerabiliaren” kontzeptua hedatu ahal izan zen, zeina tradizioz konpilazio-zinemara edo abangoardiako zinema militantera mugatu izan baita. Diaz-Noriega zinemagile amateurrak 1936tik 1970eko hamarkadaren amaierara bitartean egin zuen lan, frankismo betean, beti urrats txikiak eginez, eta hedabideetako eta zinemaren historiako irudiak eta soinuak berrerabili zituen, modu satirikoan. Diaz-Noriega Villalba familiak eta Espainiako Filmategiak lagundu zuten lan hau egiten.
2022-2023: Kubako Zinemateka
2022-2023an, Latinoamerikan jarri zuen arreta proiektuak, lankidetza-hitzarmena eginda Kubako Zinematekarekin, zeina Arte eta Industria Zinematografikoen Kubako Institutuaren (ICAIC) ekoizpen emankor eta abangoardistaren etxea baita. Birziklapenaren sorleku izan zen ICAIC, eta han egindako filmetan eragin handia izan zuen baliabide faltak eta atzerriko zinemak, baita 1959ko iraultzaren ondoren hasitako borroka iraultzaile antiinperialistak ere. Santiago Alvarez da Kubako collage zinematografikoko erreferentzia nagusia, baina beste zinemagile batzuek ere (hala nola Eduardo Manet, Marisol Trujillo, Miriam Talavera eta Pepin Rodriguez) era askotako materialak erabili zituzten (adibidez, egunkariak, aldizkariak, argazkiak, material grafikoa, film estatubatuarrak eta sobietarrak, berriemaileak, film zientifikoak eta herri-musika), muntaketaren teknikarekin eta ikusizko efektuekin ezin hobeki uztartuta.
Lau film labur hautatu dira proiektuaren bigarren fasean digitalizatzeko eta ikertzeko: El negro (Eduardo Manet, 1960), L.B.J. (Santiago Alvarez, 1968), 79 primaveras (Santiago Alvarez, 1969) eta Oración (Marisol Trujillo, Miriam Talavera, Pepin Rodríguez, 1984).
2023-2025: Arsenal - Institute for Film and Video Art
Proiektuaren azken bi urteetan, Arsenal - Institute for Film and Video Art - Berlin erakundearekin lankidetza-hitzarmen bat ezartzen da. Zinea eta kultura-ondarearen inguruan lan egiten duen erakunde honek zinema, jaialdi, banatzaile eta artxibo gisa jarduten du. 60 urtez zinemari eskainitako lanaren ondoren, mundu osoko abangoardiako zinemarekin eta zinema politikoarekin lotutako 10.000 film jasotzen dituen bilduma bat du erakundeak.
Arsenalekin batera egindako lehen lan-urterako, Latinoamerikako bi zinegile militante taldek 60ko hamarkadaren amaieran egindako filmak hautatu ziren: La Paz (Cine Liberación, María Elena Massolo, Argentina, 1968) eta 22 de mayo (Cine Urgente, Venezuela, 1968). 60ko hamarkadako ekintza militantearen esparruan hirugarrenen materialen erabilera hauetatik aztertzeaz gain, film hauen digitalizazioak, orain arte zirkulazio mugatua izan duten filmetarako sarbidea ahalbidetuko du. La Paz filmaren kasuan, ikerketa honek Argentinan ezezaguna zen film bat eta zuzendari bat aurkitzea ahalbidetu zuen. Arsenalekin batera egindako bigarren lan-urterako, 1970eko hamarkadan egindako filmak hautatu ziren: Made in USA (Chirstine Trautman Rosenthal eta Kurt Rosenthal, Alemania-Peru, 1974) eta Descomedidos y chascones (Carlos Flores, Txile, 1972). Bi filmek Txileko gizartea islatzen dute 1973ko kolpearen aurretik eta bitartean.
Fitxa teknikoa
Ikertzaile nagusia:
Carolina Cappa
Ikasleak 2024-2025:
Amanda Soares, Carmen Alonso Álvarez, Elisa Juri, Nicolás Luis Carrasco Rincon, Paola Buontempo Muratore, Vanja Milena Munjin Paiva
Ikasleak 2023-2024:
Camila Aboitiz Bellet, Isabela Mouradian Amatucci, Leonardo Suárez, Lucía Feuillet, Luíza Rosado, Manuel Mateo Gómez Ortega
Ikasleak 2022-2023:
Catalina Giordano, Julio César Gonzales Oviedo, Muriel Holguín, Verónica Boggio
Ikasleak 2021-2022:
Camila Reyes, Camila Vale, Catalina Altuna, Eloísa Suárez, Rocío Ortega, Rodrigo Sousa
Erakunde parte-hartzaileak:
Filmoteca Española (2021-2022), Cinemateca Cubana (2022-2023), Filmoteca de Galicia (2023), Arsenal - Institute for Film and Video Art (2024)
Instituzio laguntzaileak:
British Film Institute (2024)
Kronologia:
2021 - aribidean